Aldaketa klimatikoa, ingurumenaren kutsadura, “elikagaien krisia” eta iraultza sozialista

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko hainbat alternatiba ari dira planteatzen. Osvaldo Canziani argentinar “adituak” munduko hazkuntza demografikoari oinarrizko arreta jarri behar zaiola adierazi du, bere ustez aldaketa klimatikoaren gako nagusia munduko biztanleriaren hazkuntzan baitago. Aldaketa klimatikoari eta kutsadurari aurre egiteko eta gure ingurumena salbatzeko ordea kapitalismoa bera da kontuan hartu beharreko gako nagusia.

 

Aldaketa klimatikoari buruzko Bigarren Konferentzi Internazionalean honakoa esan zuen Osvaldo Canzianik: “Munduak lehenik biztaleriaren hazkundea geldiarazi beharko du. Jendeak ez du honetaz hitz egiten, baina zenbat dira elikagaiak ekoizteko ditugun itsaso eta lur zatiak? Ez zaigu iritsiko” (Itzulpena gurea da). Hitz hauetan ordea ez dago demagogia besterik. Burgesiaren soldatapean dauden zientzialariek horrelako adierazpenak egiteko joera izan dute betidanik. Gizakien ugalketa murriztea beharrezkoa da? Orduan egongo dira denentzat elikagaiak? Hori ez da arazoa. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko, planeta berotzen duten erregai fosilen dependentziarekin amaitzea da gakoa eta hori ez da posible kapitalismoarekin bukatu gabe. 

 

2006ko datuek erakusten dute zein portzentaietan ekoiztu zen energia urte horretan: %0,02 eguzki energia, %0,68 eolikoa, %1,37 beste berriztagarri batzuk eta %81,51 berriztagarriak ez diren errekurtsoak. Urte horretan 19.015 teravatio ekoiztu ziren baina kontuan hartu behar da errekurtso berriztagarriak erabilita bakarrik posible litzatekeela urtean 975.000 teravatio inguru ekoiztea. Modu honetan banatuko litzateke: 6.000 teravatio itsasoko eolikoarekin, 12.500 energia geotermikoa, 13.889 hidraulikoa, 91.398 ozeanikoa (mareak eta olatuak), 12.500 lurreko eolikoa, 275.556 eguzki kontzentrazioa eta 470.278 eguzki fotovoltaikoa (Mundu Energiaren Balantzea eta Estatistikak). 

  

Gaur egun dauden metodo zientifiko eta erramintekin posible da erregai fosilak erabili beharrik ez izatea eta energia garbiarekin energia behar guztiak asetzea. Urak, aireak eta eguzkiak emandako energia erabilita posible izango litzateke kapitalismoa eragiten ari den hondamendi naturala geratzea. Baina noski, honen arazo nagusia gastu ekonomikoa da, hau da, gaur egungo merkatu ekonomian. Kapitalismopean teknologia horiek garatzea ez da errentagarria eta burgesia ez da inoiz prest egongo errentagarriak ez diren “negozioetan” inbertitzeko. Munduko aberastasunak gero eta esku gutxiagotan pilatzen jarraitzen duen bitartean, sistema ekonomiko hau ez da gai herritarren gehiengoaren eta ingurumenaren behar oinarrizkoenak asetzeko. Honek erakusten du kapitalismoa erabateko gainbeheran dagoela eta beharrezkoa dugula beste eredu ekonomiko bat.

 

NASAren ikerketen arabera munduko gaitasun elektrikoa baino 6.000 aldiz gehiagoko energia hartzen du lurrak, mugagabeko potentziala errealitatean. Hau ez erabiltzea ikaragarrizko energia galera da. Friburgoko Eguzki Energiaren Sistemarako Franhofer Institutuko zuzendari den Eicke Weberrek dioenez, munduko zatirik solidoeneko eguzki energiak 120.000 teravatioko balioa hartzen du. Energiaren mugagabetasuna baieztatzen duen beste adibide bat da. Estatu Batuetan adibidez nahikoa izango litzateke bere lurraldearen %0,3 erabiltzea eguzki energia lortzeko eguzki kontzentrazioaren metodoa erabilita herrialde osoko energia elektrikoaren eskaera asetzeko. Kalkulu hau Roland Hulstromek egin zuen 80. hamarkadan.   

 

Baina arazoa da kapitalismoaren anarkiak zientzia eta teknologia oztopatzen dituela, lehen esan bezala ez baita inbertitzen bere ikuspuntutik errentagarria ez den gauzetan. Paradoxikoki, teknologia gehiagok ez du laguntzen kapitalismoaren kontraesanak leuntzen kontrakoa baizik: kapitalaren konposaketa organikoa handitzen da, makinak berak ez baitu plusbalia sortzen, eta beraz, bere irabazi tasak mantentzeko enpresariak gehiago esplotatzen du langilea lan jardunaldia eta lan erritmoa haziz. Sistema kapitalistaren beste erokeria bat da hau, makinaria eta ekoizpen gehiago gure bizi baldintzak hobetzeko erabili beharrean zapalkuntza hazi egiten da.   

 

Munduko petrolio ekoizpenaren %60 korporazio handien eskuetan dauden balio burtsen bidez komertzializatzen da. Jaun eta burtsako espekulatzaile handi hauen helburua ez da erregai fosilen dependentziarekin amaitzea, horrek dirutza ikaragarriak ematen baitizkie nahiz eta ingurumenaren osasuna gero eta gehiago kaltetu. Hemen ikusten da arazoa kapitalistak direla. Hala ere, diru publiko kantitate handiak oparitu zaizkie bankari eta kapitalistei ekonomia erreskatatzearen izenean. Azken finean, inoiz itzuliko ez duten dirua eman zaie langileen poltsikoetatik. Beste hainbat daturen artean, Europako Banku Zentralak 500.000 milioi dolar eman zizkien kapitalistei, eta Estatu Batuetako Erreserba Federalak eta Federal Home Loans Banks deitutako gobernu estatubatuarrak babesten dituen hamabi kreditu kooperatibek 250.000 milioi dolar inguru. Ba 40.000 milioi eurorekin posible da munduko gosearekin amaitzea! Baina Osvaldo Canziani bezalakoek diote munduko biztanleria murriztu behar dela denontzat ez delako heltzen!

 

Munduko aberastasun guztiaren bi herenak 200 multinazionalen eskuetan daude. Beldurgarriak diren aberastasunen artean pobrezia, miseria eta gosea ere energia bezala, mugagabeak dira. Egin diren erreskate finantzarioen %1arekin nahikoa izango zen gosearen arazoa konpontzeko 150 urtetarako. Milaka milioi dolar gastatu dira korporazio handientzako eta bitartean 2 milioi baino pertsona gehiago hiltzen dira egunero gosez.  

 

Posible da denentzat adina elikagai ekoiztea?

 

Burgesiaren komunikabideek behin eta berriro zabaltzen dute herrialde kapitalista garatuetan gehiegi kontsumitzen denaren eta gutxiago kontsumitu beharko litzatekeenaren ideia (nahiz eta komeni zaienean gehiago kontsumitu behar dela esan). “Gu” erabiltzen dutenean noski langile klaseaz eta klase ertainaz ari dira, ez aberatsez. Buges txikiak gehitu egiten dira propaganda honetara errudunak denok garela esanez eta “denon oparotasuna” gorrotoarekin salatuz. Diotenez, mendebaldeko langileek gutxiago jan eta kontsumituko balute herrialde behartsuetako gosearekin amaitzea lortuko litzateke. Elikagaien auzia eta “elikagaien krisia” delakoa burgesiak erabiltzen du herrialde kapitalista garatuetan hainbat neurri “aurrerakoi” bultzatzeko asmoz. Zein dira neurri “aurrerakoi” hauek? Krisi ekonomiko larrian gaudenez, gehiegi kontsumitzen dugunez eta ondoegi bizi garenez beharrezkoa omen da kapitalisten ustez soldatak jaistea eta gastu publikoa murriztea. Neurri hauek oso ondo egokitzen dira klase kapitalistaren beharretara ekoizpen gastuak murriztu nahi baitituzte merkatuan konpetitiboagoak izateko.  

 

Beharrezkoa da beraz komunikabide ofizialetatik etortzen den elikagaien krisiaren mito zabaldu horri erantzuna ematea. Munduan gizaki gehiegi daudela edo mendebaldeko biztanleek gehiegi jaten dutela esatean sistema kapitalistak errurik ez duela azpimarratu nahi da. Errua herrialde industrializatuetako langile klasearena dela saldu nahi diguten arren, egoera errealak erakusten du munduan denentzako adina elikagai ekoizten dela. Arazoa ez da eskaintza txikia dagoela, gosez dauden 1.000 milioi biztanlek eros ahalmenik ez dutela baizik. 

 

FAO erakundearen arabera (Nekazaritza eta Elikagaien Nazio Batuen Erakundea) 11.000 milioi biztanlerentzako elikagaiak ekoizteko gaitasuna dago munduan eta une honetan 6.000 milioi biztanle ditu gure planetak. Honek esan nahi du munduko biztanleriaren ia bikoitza elikatzeko gaitasuna dagoela. Ez dago errekurtso falta, errekurtsoak soberan daude! Hala ere, 1.000 milioi pertsona gosez daude. Elikagaien multinazionalek nahiago dute soberan geratzen zaizkien elikagaiak itsasora botatzea edo erretzea (eta ez da gezurra) gosez daudenei banatzea baino. Ondo dakite elikagai horiek banatu ez gero prezioak jaitsi egingo liratekeela eta horrekin batera euren irabaziak. Hau da kapitalismoaren benetako aurpegia. 

 

Antzekoa gertatzen da ur edangarriaren auziarekin. Munduko ur guztiaren %3 soilik izan arren ur geza denentzat adina ur edangarri dago. Baina 80 herrialdek beren biztanleentzat nahiko ur ez duten bitartean, ur edangarriaren %60 bederatzi herrialdetan kontsumitzen da. Nestle edo Coca-cola bezalako multinazionalek, 100.000 milioi dolarreko uraren merkatua eraiki dutenek, Munduko Bankuak eta FMIak “urre urdinaren” pribatizazioak bultzatzearen laguntza jasotzen dute. Urari esker gutxi batzuk ikaragarri aberasten diren bitartean herrialde behartsuetan hiltzen direnen %80ak ur edangarriaren gabeziak sortutako gaixotasunengatik galtzen dute bizia. 1.400 milioi pertsonak ez du nahikoa ur bizirauteko eta egunero 6.000 ume hiltzen dira egarriz. 

 

Badago teknologia, ura garbitzeko landareen tratamendua tartean, ur zikinekin ur edangarria lortzeko. Burgesiaren poltsikoetara bota den dirutza horiekin posible izango litzateke teknologia horietan plan masibo bat hastea munduko zonalde kritikoenetan. Horri esker aukera irekiko litzateke herritar guztiek ur edangarri nahikoa izateko baina hau lortzea, elikagaien kasuan bezala, ezinezkoa da kapitalismoarekin bukatu gabe. 

 

Elikagaiekin jarraituz, esan beharra dago azken urteetan ez dela jaitsi mundu mailako elikagaien ekoizpena. Hala ere, eskaintzari eragin dion aldaketa politiko batzuk eta nekazal ekoizpenaren moldaketa bat egon dira. Adibidez, Estatu Batuetako zerealen ekoizpenaren %30 bioerregaien ekoizpenera aldatu da. Nahiago dute elikagaiak gasolina tankeetan sartu petsonak elikatzeko erabili beharrean.

 

Helburu hau aurrera eramateko “mundu mailako ahalegin” baten kanpainarekin apaindu dute. Berotegi efektua eragiten duen karbono emisioaren gehiegikeria oztopatzeko erabiltzen omen dituzte bioerregaiak. Baina datu batzuk baieztatu dute zerealean oinarritutako etanolarekin karbono emisioak %20 murriztu beharrean, hasiera batean esan zuten bezala, emisisoak bikoiztu egin direla 30 urtetan zehar.  

 

Ingurumenari buruzko arduraren atzean ordea inperialismo estatubatuarraren politika konszientea dago. Estatu Batuek hornigai “seguruak” nahi dituzte Ekialde Hurbileko egoera politikoa ez baita batere egonkorra energia iturriak bermatzeko. Irakeko gerrak porrot handia jaso du eta ez dituzte espero zituzten emaitzak lortu. Afganistango zailtasunak ere oso antzekoak dira. Hau izan da inperialismoak erregai berriak bilatzeko arrazoi nagusia eta ez aldaketa klimatikoaren aurkako borroka.  

 

Iraultza sozialistaren beharra

 

Zientziaren eta teknologiaren aurrerapena ekoizteko indarren garapenari lotuta dago, gizakiak lana antolatzeko eta gizartean sortzen den aberastasuna edo soberakinak antolatzeko erabiltzen duen moduari. Kapitalismoan burgesiak beharrezkoa du ekoizpen gastuak merkatzea langileen bizi baldintzak erasotuz eta hauen esplotazio erritmoa handituz. Burgesen helburu bakarra kapitala puztea da eta ahalik eta gutxien inbertituz ahalik eta gehien irabaztea nahi dutenez, kapitalistak gero eta gutxiago pasatzen dira ekoizpen prozesutik. Horregatik da hain garrantzitsua beraientzat espekulazio finantzarioa. Enpresari handiak ahulena jaten du, hau da merkatuaren logika eta esentzia. Irabazi pribatu maximoaren konpetentzia da oinarria eta beharrezkoa bada edozer gauza jarriko dute arriskuan beren irabazi kapitalistak izan ezik.

 

Kapitalistek beharrezkoa dute ekoizpenaren mailak jaistea edo elikagaiak pilatzea, prezioak igo egiten baitira eskaintza gutxitzean eta elikagaien eskaera handia denean. Edo eurentzat onena dena elikagaiekin burtsan espekulatzea da nahiz eta krimen izugarria izan. Honek herritarren eros ahalmena jaisten du gosea eta heriotzak areagotuz.

 

Hau da kapitalismoa edo Osvaldo Canzianik modu melankolikoan "afanes económicos desmedidos y las corruptelas oficiales" deitzen duena. Baina “aditu” honek gezurra esaten du edo beldurra du egia esateko arazoa munduan biztanle gehiegi dagoela adierazten duenean. Arazoa sistema kapitalista da! Ekoizteko baliabideen jabego pribatua eta estatu burgesak dira giza garapena eta ingurumenaren bizirautea oztopatzen dituztenak. Ezinezkoa da munduko errekurtsoak planifikatzea herritarren beharrak asetzeko eta ingurumenaren aldeko neurriak hartzeko ekonomia mugitzen duten palankak kapitalisten eskuetan badaude. 

 

Sarritan irtenbide hauek botatzen dizkigute: uraren, energiaren, elikagaien eta osasun segurtasunaren erabilera arrazionala izan behar da etorkizuneko belaunaldiei baldintza onak dituen planeta uzteko. Ados honekin, baina kapitalistak desjabetuta eta ekoizteko baliabideak langile klasearen eta herriaren eskuetan jarrita soilik da posible gizartearen ekoizpena berantolatzea eta munduaren berotzea eta ingurumenaren kutsadura borrokatzea. Langile klaseak sortzen dituen eta enpresariengana zuzenean doazen errekurtso ekonomikoak ingurumenaren alde erabilita egoera erabat aldatuko litzateke. Ekonomiaren erraminta guztiak langileen eskuetan jarrita gizarteko lan guztia planifikatuko litzateke biztanleriaren behar errealetan oinarrituta eta ez merkatuan gaur egun bezala. Birziklategien plan masibo bat egin liteke, produktu asko bertan ekoiztu daitezkeelarik. Badadue metodoak eta teknologia ere zabortegi erraldoiak basoetan eta zuhaiztietan bihurtzeko. Zer ez litzateke posible izango?

 

Planetaren berotzea, aldaketa klimatikoa eta ingurumenaren kutsadura borrokatzeko modu bakarra gizartearen ekoizpen modua aldatzea da. Beharrezkoa da bankuak, industria handia eta latifundioak desjabetzea eta langileen eta herriaren kontrolpe demokratikoan jartzea. Hau da iraultza sozialistaren eginkizuna.

 

 

Informazio gehigarria