Materialismo historikoa eta ekonomia politikoa II

Erromako inperioaren gainbehera mendeetan zehar luzatu zen prozesua izan zen, azkenean batez ere bere kontraesanen pisuagatik erori zen arte. Lurjabeen klase dominatzaileak etengabeko gerra behar zuen esklaboak lortzeko, baina aldi berean, inperioaren zabaltzeak bere burua galbidera zeraman, Estatuak ezin baitzien eutsi geroz eta handiagoak zitzaizkion barne kontraesanei. Azken urteetan inperioaren barrenetan sistema feudala hazten hasi zen eta jauntxo barbaroez gain, inperio barneko jauntxoak ere Estatu ustelduaren aurka matxinatu ziren eta Europa guztia feudo txikietan zatitua geratu zen.

 

Feudalismotik kapitalismorako bidea

 

Erdi Aroa sarritan aro ilun bat bezala deskribatu izan da, oskurantismo erlijiosoak gobernatu zuen garai beltz bat bezala. Europan, kristautasunak erlijio batek inoiz hartu zuena baino indar gehiago hartu zuen. Bizitza sozialaren ardatz bihurtu zen: zuzenbide publiko nahiz pribatu guztiaren oinarria zen; Jainkoaren nahi sakratuaren gauzatzearen bidez legitimatzen ziren aristokrataren boterea, gizartearen estamentuetako banaketa eta jopuen zapalkuntza miserablea; Elizak gizarteko pentsamendu ideologikoaren, kulturaren, artearen, filosofiaren, etab.en monopolio eztabaidaezina hartu zuen. Lehen begirada batean, badirudi Erdi Aroan gizartearen antolakuntza ekonomiko, sozial eta politiko guztia kristautasunera moldatu zela. Baina egia esan, alderantziz gertatzen zen, erlijio kristaua izaten zen gizartearen azpiegitura ekonomikora moldatzen zena.

Ziurrenik erlijioa izango da gizarte bateko bizitza materialetik urrunen dagoela ematen duen gainegiturako eremua. Batzuek azpiegitura ekonomikotik erabat independentea dela eta gainera azpiegitura hau determinatzen duela baieztatzen dute. Baina erlijioaren ideologiak ere, nahiz eta honek onartu ez, gizarteko erlazio ekonomikoetan du azken finean bere garapenaren oinarria. Kristautasunaren jatorria Erromako inperioan hasi zen eta 250 urteko borroka eman zuen Estatuko erlijio bihurtu arte. Konstantino I enperadoreak, ezin zuenez hasierako kristau iraultzaileekin errepresioaren bidez amaitu, geratu zitzaion bide bakarra hartu zuen: gotzainen buruzagitza erostea, erlijio hura kutsu iraultzaile orotatik garbitzea eta kristautasuna inperioko klase dominatzailearen interesetara egokitzea. Helburu hori bete zuen 325. urtean Nizeako kontzilioak.

Kristautasunak, inperioaren erorketari biziraun ez ezik, honetatik indarturik irtetea lortu zuen. Modu oso eraginkor batean egokitu zen Estatu autokratikoaren menderatze materialaren nahiz izpiritualaren beharretara. Erdi Aroan Vatikanoak sekulako boterea eskuratu zuen eta aristokraziaren eta kleroaren arteko aliantzaren gidari ideologiko eztabaidaezina izan zen. Hala ere, aro honetan nagusitu zen pentsaera kontserbadorea dela eta, feudalismoan aldaketarik ez zela gertatzen ematen bazuen ere, errealitatean ez zen horrela gertatzen. Argi utzi behar da historiaren bideak ez dakiela geldirik egotea zer den.

Naturan bezala historian ere, batzuetan aldaketa prozesuak bortizki eta erabat agerian gertatzen dira, baina beste aldi batzuetan, ezkutuan eta isilean, pixkana metatuz joaten dira, gero bat-batean bortizki azalera irteteko. Honakoa da mugimendu dialektikoaren izaera eta, azken finean, bi prozesuak txanpon beraren bi aurpegi bihurtzen dira.

Klase arteko gizarte zaharrak, ekoizpen moduetan sortzen zaizkion aldaketak direla medio, bera ehortziko duen klase berria sortzen du. Erdi Aroan, ekoizpen indarren garapen ezberdinek merkataritzaren garapena eta hirien sorrera bultzatu zuten. Landako jopuetatik lehen hiritar askeak sortu ziren, eta honekin artisauen gremioak. Aldi berean, lurraren eta hainbat interesen borrokak etengabe gerrak pizten zituen aristokrata ezberdinen artean. Honek geroz eta erreinu handiagoak eta Estatu autokratiko indartsuagoak eratzea bultzatzen zuen. Bestalde, Ameriketako kolonizazioak, Afrikaren zirkunabegazioak, Indiako eta Txinako merkatuak, merkataritzarako baliabideak, garraiobideak eta trukea garatu eta biderkatu egin zituzten. Eskaria hazi eta hazi ari zen. Honela, gremioetako artisauak lehenik manufakturara pasa ziren, eta gero batzuk industria handiko jabe burgesak bihurtu ziren, lurrunak eta makinek ekoizpenean eduki zuten aplikazio iraultzaileari esker.

Ekoizpen moduetan eman ziren aldaketa iraultzaile hauek ezinbestean beren isla eduki behar zuten gizartearen gainegituran. Aldaketa hauen azken xedea burgesiak botere politikoa konkistatzea izango bazen ere, hau gertatu aurretik hasierako kapital metaketak beste eragin batzuk eduki zituen, besteak beste berpizkunde garaian filosofian, artean, zientzian eta teologian. Erlijioan esate baterako, kasurik esanguratsuenetako bat lukurreriarena da (dirua interesen truke maileguan uztea). Eliza katolikoak galarazi egin zuen lukurreria, modu bizkarroi horretan bizimodua ateratzea lapurreta eta bekatua zela aldarrikatuz. Interesak kobratzea eskumikatzearen zigorpean zegoen. Baina XVIII. mendean industriaren eta bankaren garapenak ezinbesteko egin zuten dogma hau deuseztatzea. Honela, 1745ean Benedicto XIV. aita santuak “kontratuan zor dena baino kantitate handiago bat eskatzeko arrazoi erabat justuak eta legitimoak daudela” baieztatzen zuen. Gaur egun berriz, Vatikanoa mundu mailako banku handienetako baten jabe dugu.

Tradizio kristauan are haustura erradikalago bat suposatu zuen XVI. mendeko erreforma protestanteak, batez ere Luteroren eskutik Alemanian eta Calvinoren eskutik Frantzian gauzatu zena. Protestantismoak lotura zuzena hartu zuen kapitalismoarekin. Prediku erlijioso protestanteak, batez ere Calvinistak, metatze kapitalista primitiboak behar zuen bizimodua bultzatzen zuen. Honen arabera, lurreko biziaren helburua langile fina, sakrifikatua, aurreztailea, diziplina zorrotzekoa eta arrakastatsua izatea zen, hau baitzen Jainkoaren onespena lortu eta zeruan sartzeko bide bakarra. Protestanteek lanbide intelektual teknikoak eta ekonomikoak hautatzen zituzten eta kapitalaren inguruan biltzeko joera hartu zuten. Engelsek honela laburtzen du prozesu hau guztia: “Erdi Aroan, feudalismoa garatzen zen neurrian, kristautasunak erregimen honetara eta zegokion hierarkia feudalera egokituriko erlijio baten forma hartzen zuen. Eta dirudienez, burgesia, katolizismo feudalaren aurka eta heresia protestantearekin garatu zen, bere jatorriak Frantziaren hegoaldean zituela albitarrekin, eskualde hartako hirien garapenarekin bat eginez. Erdi aroak, teologiara lotu zituen, bere apendize bihurtu zituen, beste forma ideologiko guztiak: filosofia, politika, zuzenbidea. Honekin, mugimendu sozial eta politiko orori forma teologiko bat hartzera behartzen zien; masen izpirituei, erlijioz bakarrik elikaturik egonik, ez zegoen beren interesak arropa erlijiosoekin aurkeztea beste erremediorik, ekaitz handi bat altxatu nahi bazen. (…) Heresia protestantea zapaltzeko ezintasuna gorantz zetorren burgesiaren garaitezintasunari zegokion. (F. Engels. Ludwig Feuerbach eta Alemaniako filosofia klasikoaren amaiera.)

Burgesia, bere indar ekonomiko eta soziala garatzen zihoan heinean aurrerapauso politiko ezberdinak ematen joan zen nobleziaren antolamendu feudalaren aurka. Antolakuntza feudalak trabak besterik ez zituen suposatzen hazten ari ziren ekoizpen indarren eta merkataritza baliabideen garapenerako. Ezinbestekoa zuen pribilegio aristokratikoak, tokian tokiko arantzel feudalak eta gremioen pribilegioak suntsitzea, merkatu askearen agintea ezartzeko. Xede honetan, herrialde industrializatu ezberdinetan urrats eta erritmo ezberdinak eman ziren arren, iraultza burges guztiek norabide berdina hartzen zuten, burgesiak “Estatu ordezkagarri modernoan botere politikoaren hegemonia esklusiboa konkistatzea” zuen helburu, honela traba feudal guztiekin amaitzeko eta Estatua “klase burges osoaren negozio komunak kudeatzen dituen kontseilua” bihurtzeko (Manifestu Komunista).

Hala ere, ekoizpen sistema kapitalistak kontraesan ekonomiko berriak ekarri zituen berekin. Kapitalismoan burgesiak beharrezkoa du ekoizpen baliabideak etengabe iraultzea. Merkatuaren konpetentziak, irabazi maximoaren bilaketak, ekoizpena geroz eta esku gutxiagoetan kontzentratzera darama eta gizartea geroz eta gehiago proletarizatzera. Kapitalaren diktadurarekin ekoizpen txikian oinarritutako sistema ekonomikoa betirako ehortzia geratu zen industriaren nagusitasun ekonomikoaren aurrean. Manifestuak dioen bezala “Euren merkantzien prezio baxuek osatzen dute Txinako harresi guztiak suntsitzen dituen artilleria astuna (…) Hitz batean: (burgesiak) bere irudiko eta antzeko mundu bat forjatzen du”.

Sistema kapitalista kondenaturik dago garatu ahala behin eta berriz krisian erortzera. Krisia azken finean honakoa da: produktuen gain-produkzioa eta masen miseria. Bata aldi berean bestearen kausa bihurtzen da. Kapitalismoak mundu guztira pobrezia artifizial bat zabaltzen du. Azken batean, gaur egun ere, gizartearen garapena bermatzekotan, ekonomiak geroz eta premia gehiagorekin eskatzen du ekoizpen indarrak jabetza pribatutik askatzea eta ekonomia proletalgoak internazionalki planifikatua izatea.

Informazio gehigarria