Krisi kapitalisten teoria III

Krisi ekonomikoak azaltzeko orduan, teoria marxista sistema kapitalista garatzen den barne dinamikaren berezko kontraesanetatik abiatzen da. Era berean, gizartean gertaera sozial eta politiko handiak gauzatzeko oinarrizko baldintzak azpiegitura ekonomiko honen dinamikan garatzen direla azaltzen du. Burgesiak 90. hamarkadan krisi ekonomikoak behin betiko amaituko zirela esaten hasi zenean, klase arteko gatazkak ere betiko desagertuko zirela baieztatu zuen. Bistakoa den bezala, bi aldiz hanka barru barruraino sartu zuen.

 

Klase arteko borrokaren eta ziklo ekonomikoen dialektika

 

Klase arteko talka bortitzak, gerrak edo iraultzak bezalako fenomeno sozialak modu zientifiko osatu batean ulertzeko, ezinbestekoa da prozesu hauen sorburu materiala gizartea garatzen den azpiegitura ekonomikoan kokatzea. Sistema ekonomiko kapitalistak barnebiltzen dituen oinarrizko kontraesanak bere osotasunean ulertuz, Marx eta Engels gai izan ziren globalizazioa, kapitalaren monopolizazio prozesua, gain-produkzio krisiak, inperialismoa eta, batez ere, burgesiaren eta proletalgoaren arteko hil ala biziko borroka aurreikusteko; hori guztia mundu kapitalista oraindik ere bere sehaskan zegoen garaian. Baina materialismo historikoaren metodoa azaltzen zuten heinean, argi utzi zuten behin eta berriz historiaren edozein interpretazio ekonomizista amaitua erabat hutsala eta okerra zela.

Engelsek honakoa idatzi zion gutun batean Paul Ernsti: “Auzia modu materialista batean aztertzeari dagokionean esan behar dut, lehenik eta behin, metodo materialista bere aurkakoan bihurtzen dela ikerkuntza historikoaren printzipioen gidatzat hartu beharrean gertaera historikoak bakoitzaren interesen arabera egokitu ahal izateko aurrez diseinaturiko eredu baten ikuspuntutik hartzen bada”.

Sistema kapitalistak dirauen bitartean gorakada ekonomikoko garai baten ondoren ezinbestean krisi ekonomikoa etorriko da. Ziklo ekonomiko hauen azterketa beharrezkoa da eszenatoki sozialean eta politikoan ematen diren prozesuen kausa eta efektuak ulertzeko. Trotskyk, “Garapen kapitalistaren kurba” izeneko artikulu batean, maisutasunez azaldu zuen ziklo ekonomikoen eta klase arteko borrokaren arteko erlazioaren konplexutasuna ulertzeko abiapuntu nagusia. Bertan honakoa azpimarratzen zuen: “Guk ezin dugu ziklo hauek dena azaltzen dutenik esan: hori bazterturik dago sinpleki ziklo hauek ez direlako fenomeno ekonomiko oinarrizkoak, eratorriak baizik. (...) Kapitalismoa ez da bereizten aldizkako zikloetarako joeragatik bakarrik, bestela historia errepikapen konplexu bat izango litzateke eta ez garapen dinamiko bat. Ziklo komertzial eta industrialak izaera ezberdinekoak dira garai ezberdinetan. Beraien arteko ezberdintasun nagusia aztergai hartzen den ziklo bakoitzeko krisiaren eta gorakadaren arteko erlazio kuantitatiboek zehazten dute. Gorakadak soberakin batekin berriztatzen badu aurreko aldiko suntsiketa edo herstura, orduan garapen kapitalista gorakadan dago. Krisiak, ekoizpen baliabideen suntsiketa edo, edozein modutara ere uzkurdura izanik, intentsitatez gorakada gainditzen badu, orduan emaitza gisa ekonomiaren uzkurdura bat daukagu. Azkenik, krisia eta gorakada elkarren artean neurriz hurbiltzen badira, aldi baterako ekonomiaren oreka –geldialdi bat- lortzen dugu. Hau da oinarrian  eskema.”

Ziklo ekonomiko baten dinamika eta aldi historiko jakin baten izaera aztertzeko orduan, marxismoak ez ditu kontuan hartzen ekoizpenetik eta kapital zirkulaziotik eratortzen diren faktoreak bakarrik. Gizartearen gainegitura osatzen duten faktore politikoek eta ideologikoek ere garrantzia handia dute, eta handiagoa hartzen dute ekonomian eta historian momentu kritikoak ematen diren garai berezi horietan. “Koiuntura komertzial eta industrialean ematen diren hausturek kontaktu hurbilago bat hartzea baimentzen digute joera politikoen, legegintzaren eta ideologiaren forma guztien garapenaren korapilo kritikoekin”.

Trotskyk planteaturiko ideiak abiapuntutzat hartuz, kapitalismoaren historian ekonomiaren dinamika bere osotasunean goranzkoa izateagatik edo beheranzkoa izateagatik bereizten diren aldi zabalak daudela ohartu gaitezke. Neurri handi batean, aldi hauengan eragin erabakigarria edukitzen dutenak ez dira hertsiki ekonomikoak diren fenomenoak izaten. “Garapen kapitalistaren joeren fase luzeei dagokienean (50 urtekoak), (…) beharrezkoa da azpimarratzea beren izaera eta iraupena ez duela ekonomia kapitalistaren barne dinamikak determinatzen, garapen kapitalistaren egitura osatzen duten kanpo baldintzek baizik. Kapitalismoak herrialde eta kontinente berriak eskuratzea, errekurtso natural berrien aurkikuntza, eta, hauen esnatzean, gerrak eta iraultzak bezalako “gainegiturako” gertaera handiagoek, garapen kapitalistaren gorakada, trabatze eta gainbehera aldien izaera eta ordezkapena erabakitzen dute.”

 

Oinarrizko garai aldaketa baten atarian

 

Bistakoa den bezala, garapen kapitalistako garai bakoitzak, aurrekariren batekin antzekotasun puntuak eduki arren, funtsean ezaugarri ezberdinak aurkezten ditu eta klase arteko erlazioetan eta langile klasearen kontzientzia hartze prozesuan eragin kontraesankorrak eduki ohi ditu. “Boom ekonomikoak erreakzioa suposatzen duela” eta “krisi ekonomikoak iraultza ekarri behar duela” dioten ekuazio mekanizistek errealitatearen aberastasuna baldarki sinplifikatzen dute. Krisialdi ekonomikoaren ondorioz automatikoki iraultzak ikustea espero zuenak edo, hain zuzen ere, langile klaseak iraultzak ez egiteagatik krisiaren existentzia ukatzen edo iraultzen aukera behin betiko baztertzen duenak gizartearen garapen historikoa ulertzeko modu enpiristaren ahultasunak erakusten ditu. Mota honetako ideiak eszeptizismoan erortzeko errezeta amaitu bat izan ohi dira eta historia bera arduratu izan da hauen okerrak frogatzeaz.

Gaur egun bizi dugun aldi historikoa ulertzeko nahitaezkoa da aurreko aldiaren funtsezko ezaugarriak aztertzea. Hamarkada honetako aurreko urteak, zifra makro ekonomikoetan behintzat, boom ekonomikokoak izan dira. Irabazi kapitalisten kopuru erraldoietan aurrekariak aurkitzeko gerraosteko urteetara jo beharko genuke. Hala ere, burgesiaren sektore batzuk mozkorturik zeuden beren irabaziekin eta ez zuten ikusten 50. eta 60. hamarkadetako hazkuntzarekiko bizi zuten funtsezko ezberdintasuna. Irabazi erraldoi hauen benetako jatorria aurreko aldiko “koipeak” ahitzea zen, espekulazio orokortua, enpresa publikoen pribatizatze masiboa, gastu sozialen murrizketa, lanpostuen suntsiketa, soldaten eros ahalmenaren etengabeko galera... Baldintza guzti hauek alde batetik gizartearen polarizazio politiko handiago bat eta klase arteko borrokaren mundu mailako areagotze bat eragin dute (Latinoamerikako iraultzak, Europako eta oraingoz neurri txikiago batean Estatu Batuetako protesten, greben eta langile borroken areagotzea etab.); eta beste aldetik, batez ere espekulazioak eta kredituaren erabilera masiboak, jarraian etorri behar zuen krisi ekonomikoaren izaera geroz eta bortitzagoa izateko baldintzak jarri zituzten.

XXI. mendearen hasierak argi eta garbi aurreko aldiarekin haustura bat markatzen du, zeina estalisnimoaren kolapsoaren ondorio ekonomiko eta politikoek gogor baldintzatu zuten. Testuinguru honetan dudarik gabe krisi ekonomikoak langile klasearen kontzientzia hartze prozesua azkartzearen papera jokatuko du. Langile klaseak azken aldian porrotik jaso ez izanak, langile gazteen belaunaldi berriaren freskotasunak edo urteetan zehar agintari politiko eta sindikal erreformistek langileen aurkako erasoak babestean galdu duten autoritateak bezalako faktoreek ere paper garrantzitsu bat jokatuko dute prozesu honetan.

Trotskyren hitzak berreskuratuz: “(…) Kapitalismoaren garapen indartsuko garaiek forma biziki ezberdinak eduki behar dituzte –politikan, legeetan, filosofian, poesian- trabatze edo gainbehera ekonomikokoei dagokienen aldean. Are gehiago, mota honetako garai batetik beste ezberdin baterako trantsizioak, ezinbestean dardara handienak sortu behar ditu klaseen arteko eta estatuen arteko erlazioetan. Komiternaren Hirugarren Kongresu Mundialean puntu hau azpimarratu dugu egungo desintegrazio kapitalistaren kontzepzio erabat mekanizistari kontrajarriz. Gorakada ‘normalak’ krisi ‘normalengatiko’ aldizkako ordezkatzeak bere isla bizitza sozialaren esfera guztietan aurkitzen badu, orduan hazkuntzako garai oso batetik gainbeherazko beste baterako trantsizioak, edo alderantziz, istilu historiko handienak sortzen ditu, eta ez da frogatzen zaila kasu askotan iraultzak eta gerrak garapen ekonomikoko bi aldien mugatzean zabaltzen direla, esate baterako, kurba kapitalistaren bi segmentu ezberdinen elkarketan. Historia moderno guztia ikuspuntu honetatik aztertzea, benetan materialismo dialektikoaren eginkizun atsegingarrienetako bat da.”

Informazio gehigarria