Liburu kritika: Sozialdemokraziaren krisia (Rosa Luxemburgo)

  • Inprimatu
Roxa Luxenburgok idatziriko liburu honek gaurkotasun osoa mantentzen duela esan dezakegu.

 

Alde batetik, Inperialismoaren esku hartze armatuak zerbait ohiko bihurtu diren garai batetan bizi garelako, erabat aztoratuta dagoen kapitalismoaren historiako garai batetan. Bestetik, 90 urte igaro ondoren, sozialdemokraziaren eta estalinista ohien zuzendaritzaren jarrera II. Internazionalak jokatutako paperaren berdina delako. Honela, teoria marxista ezin hobeaz beteriko lan honen irakurketak gaur egungo sozialismoaren aldeko borrokan argibideak emango dizkigu eta honekin batera gerra inperialistaren aurka iraultzaileek hartu behar dituzten estrategiak erakutsiko dizkigu.

“Amaierarik gabeko izugarrikeria da kapitalismoa” esaten zuen Leninek eta baieztapen hau Lehenengo Mundu Gerran modu lazgarrian frogatu zen. Gerra erreakzionario honek lau urte luze iraun zituen eta garai hartarako inoiz ezagutu ez zen triskantza eta heriotza tasekin amaitu zen, inperio zentralen erorketarekin batera. Lubakietan 10 milioi borrokalari hil zirela kalkulatzen da. Honetaz gain, gudak ekoizpen indarren kolapsoa ekarri zuen, Europan nekazal ekoizpena %30 jaitsi zen eta industriala %40.

Gerra inperialistak froga zail baten aurrean jarri zituen langileen erakundeak eta honek II. Internazionalaren kolapsoa ekarri zuen. Batzar internazionaletan harturiko erabakiak hauts bihurtzen ziren eta herrialde bakoitzeko burgesia nazionalaren aldeko borroka babestu zuten alderdi sozialdemokratek. Sozialpatriotismoak benetako langile klasearen internazionalismoa ordezkatu zuen fraseologia faltsu bat erabiliz. Kapitulazio lotsagarri honen aurrean, sozialismo internazionalistaren bandera iraultzailea marxisten sektore txiki batek altxa zuen: Lenin, Trotsky eta boltxebike errusiarrak, Pannekcoek eta sozialdemokrazia holandarreko ezker hegalak, Lapschewitsch eta Kazlerowitschek zuzentzen zituzten marxista serbiarrak, Alderdi Sozialista Bulgariarreko gutxiengoa, Alderdi Sozialista Italiarreko gutxiengoa eta, Alemanian, Franz Mehring eta Clara Zetkin bezalako militante handiez gain, denen gainetik, bando kontrairaultzaileak sozialdemokraten zuzendaritzapean 1919an erailak izan ziren Rosa Luxenburgo eta Karl Liebkenacht zeuden. Rosa Luxemburgok gerra inperialistari buruz idatzi den lan marxista garrantzitsuenakoa egin zuen: Sozialdemokraziaren krisia. Kartzelan zegoen bitartean idatzi zuen liburu hau, 1915ean.

Bertan, kritika gogor bat garatzen du inperialismo alemaniarra salatuz eta sozialdemokraziak, parlamentuan, prentsan, eta noski, langileak Alemaniako burgesiaren aldeko mobilizazio militarretara deitzen egin zuen traizioa salatuz.

Sozialdemokraziaren krisia, Junius Foiletoaren izenpean ere ezagutua, Liga Espartakistaren lehenego dokumentu programatikoa izan zen. Liga hau Mundu Gerran sozialdemokraziaren zati marxista izan zen eta ondoren Alemaniako Partidu Komunistan bilakatuko zen. Erreakzioz beteriko garai honetan oso dokumentu garrantzitsua izan zen, bai marxista koadroen formakuntzan eta  baita ere langile iraultzaileen irakaspenerako.