Zubietako erraustegia gelditu!

  • Inprimatu

Osasuna eta ingurumena enpresen irabaziak baino askoz garrantzitsuagoa da!

Gure espeziearen biziraupena benetako arriskuan dago lurrak pairatzen duen krisi ekologiko katastrofikoa dela eta. Klima aldaketa aurrean dugun ingurugiro arazorik handienetako bat da eta zuzenean erlazionaturik dago gizakiaren jardunarekin. Gutxik jartzen du hori zalantzan. Science aldizkariaren arabera, urtaroetan izan diren aldaketen kausa giza jarduna izan beharrean prozesu naturalena izateko probabilitatea milioi batetik 5ekoa bakarrik da. Arrazoi nagusia atmosferaren kutsadura da, CO2 aren kontzentrazio geroz eta handiagoa.

erraustegia 4

Ingurugiroaren suntsiketaren ardura oso konkretua da: enpresa handiak eta beren zerbitzura dauden gobernuak dira, kosta ahala kosta, irabaziak pilatzeko helburua ororen gainetik ezartzen baitute. Mundu mailan CO2 isurpenen %63a 90 multinazionalen jardunaren ondorioa dela kalkulatzen da, eta Europan sortzen den kutsaduraren %60 horietako 5ek eragiten dutela. Arrazoia begi bistakoa da: gutxi batzuen irabazi maximoan oinarritzen da sistema kapitalista, nahiz eta langabezia masiboa, prekarietatea, murrizketak, osasungintzaren eta hezkuntzaren pribatizazioa eta ingurugiroa eta gure bizilekua bera suntsitzea eragiten dituen.

Gure osasunaren eta ingurugiroaren kontura aberasteko plana

Errealitate horren aurrean, mundu osoko gobernu kapitalisten hipokresiak ez du mugarik: klimari buruzko goi-bilerak antolatzen dituzte eta ingurugiroa zaintzeko kongresuak egin eta protokoloak onartu. Baina ez dute deus balio basakeria hori geratzeko. Horixe bera da, EAJ eta PSEk gobernatzen dituzten Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, zein Nafarroako Gobernuak egiten dutena. Diru publikotik 10 mila milioi euro kosta daitezkeen AHTaren obrak Euskal Herria suntsitzen ari dira, eta ez dute balioko garraioko CO2 isurketak gutxitzeko. Gipuzkoan, Zubietako erraustegia jarri nahi dute martxan. Hori 30 km-ra bizi diren pertsonen osasunaren aurka benetako arriskua izango da eta atmosferara milaka CO2 tona isuriko ditu. Gainera, 768 milioi euro kostako zaigu, diru publikotik eraikuntza eta hondakinen kudeaketako enpresarien poltsikora joango direnak.

Informe serioak bat datoz eta baieztatzen dute erraustegiek isurtzen dituzten gas toxikoak, dioxinak, furanoak eta metal astunek pertsonen osasunean kalte oso larriak eragiten dituztela ernalkuntzan, minbizian eta arnas zein zirkulazio aparatuen arazoetan. Erraustegiak behin eta berriz zaborra beharko du ekonomikoki errentagarria izan dadin. Horrek birziklapenari ateak ixtea esan nahi du eta CO2 isurpenak areagotzea (zabor kiloko CO2 kiloa sortuko du) eta hogei aldiz kaltegarriagoa den nitrogeno oxidoko isurpenak ikaragarri areagotzea.

Zubietako erraustegiak baditu alternatibak osasuna eta ingurugiroa arriskuan jarri gabe, eta gainera merkeagoak direnak, baina EAJk eta PSEk ez dituzte entzun ere egin nahi. Jada mahaiaren gainean daude erraustegiko instalazioak berregokitzeko eta ezarri nahi duten pozoiarekin amaitzeko proiektuak. Horregatik beharrezkoa da borroka honekin aurrera jarraitzea erraustegia gelditu arte.

Erraustegiaren aurkako borroka oso garrantzitsua izan da. Milaka izan gara kalera irten garenak eta horretan jarraitu behar dugu. Planetaren biziraupenaren aldeko mobilizazioa ez da bereizten azken urteetan defendatu ditugun beste aldarrikapen sozialetatik. Mugimendu handi bat altxatu behar dugu, arazoaren errora joango dena eta gazteak, langileak eta zapaldu guztiak elkartuko dituena, gizartearen benetako eraldaketa lortzeko: multinazional gutxi batzuek ekoizpenean jartzen duten kontrol itogarriarekin amaitzeko, ekonomia arrazionalki eta ingurugiroa errespetatuko duen modu batean planifikatzeko, lana, soldata, zerbitzu publikoak eta justizia soziala bermatzeko. Zapalkuntza kapitalistarekin bukatu eta benetan demokratikoa den gizarte sozialista eraikita lortuko dugu gure planeta zoragarria mantentzea eta mehatxatzen gaituen hondamenditik salbatzea. Gizartearen eraldaketa sozialista inoiz baino beharrezkoagoa da.

Hauxe eskatzen dugu:

  • Zubietako erraustegia gelditu! Birziklatze enpresa publikoak, langileen kontrol demokratikopean. Negoziorik ez ekologismoarekin!
  • Energia eta erregaiak sortzen dituzten multinazional guztiak nazionalizatzea eta inbertsio plan publiko bat egitea energia industria erabat ekologikoa eta jasangarria izan dadin. Energia pobreziari ez!
  • Kalitatezko eta doako garraio publiko eta ekologikoaren alde. Inbertsio masiboa hiriak %100 jasangarriak izan daitezen.
  • Automobil, aeronautika eta ontzigintza industriaren nazionalizazioa eta horien eraldaketa ekoizpena bideragarria eta ez-kutsagarria izan dadin.
  • Lurraren, abeltzaintzaren eta elikagai prozesamenduen industriaren nazionalizazioa. Ozeanoen ustiatze kapitalistari ez! Elikadura jasangarri, ekologiko eta osasuntsuaren alde, gizarte osoarentzat!
  • Bere osotasunean langileen eta gazteen kontrol demokratikopean planifikaturiko ekoizpen jasangarria! Munduaren eraldaketa sozialista eta ekologikoaren alde!