Administrazio Publikoko bitarteko langileak borrokan

Lanpostuen defentsan, prekarietaterik ez!

Lan prekarietatearen aurkako borrokak eztanda egin du Estatu mailan Administrazio Publikoko 700.000 - 900.000 langileen eskutik.

bitartekoak Donosti

 

Administrazio Publikoan enpleguaren prekarizazioa hamarkadetako lana izan da

Joan den mendeko 90eko hamarkadaz geroztik, administrazio ezberdinek (estatu mailakoa, autonomikoa eta tokian tokikoak) aldi baterako lan kontratuen neurrigabeko erabilera egin dute Administrazio Publikoaren lanpostu  iraunkorrak betetzeko orduan. Horren ondorioz, Europar Batasunak berak ondokoa onartu behar izan du: “Gobernu nazionalek zein autonomikoek urtez urte kontratuak lege iruzurrean egin dituztela, aldi baterako izendapenak, kontratuak edo lan harremanak kateatuz egiturazko beharrak asetzeko, behin-behinekotasunezko lanari buruzko 1999/70/CE Zuzentarauaren 4. eta 5. klausulak bete gabe utziz”. Horregatik, Europar Batasunak Gobernuari 100 miloi euroko isuna ezarri zion ez errespetatzeagatik behin-behinekotasun tasa %8a ez gainditzeko topea.

Baina bere garaian plazak atera ez zirenez, legeak agindu bezala, 700.000-900.000 arteko langile lege iruzurrean daude administrazio publiko ezberdinetan (estatalak, autonomikoak eta udaletakoak), eta beraz, eskubide osoa dute eskatzeko  beren lanpostuetan jarraitzea, dagozkien eskubide guztiekin.

“Enplegu publikoa hobetzeko akordioa” ezkutuko ERE bat da

Egoera hori dela eta, 2017ko martxoaren 29an, Gobernuak, UGT, CCOO eta CSIFekin batera gaizki izendatutako “Enplegu publikoa hobetzeko akordioa” sinatu zuen. Akordio horren arabera, hiru urte baino gehiago lege iruzurrean daramaten lanpostuetan plazak deituko dira. Akordio honekin amaiera eman nahi zaio auzi honi, erantzukizunak eta kalte ordainak bere gain hartu gabe, nahiz eta izandako jokabidea erabat bidegabea eta neurriz kanpokoa izan.  Ezkutuko ERE bat da. Urte luzeetako eskarmentua duten langileak ordeztu nahi dituzte dagozkien antzinatasunak ordaindu gabe. Ez dute enplegurik sortzen, ezta enplegu berririk ere; krisian galdutako enpleguak ez dira berreskuratzen; ez dituzte konbokatzen aurrekontuetan agertzen ziren plaza guztiak eta, inondik ere, ez dira finko bihurtzen egungo lanpostu guztiak.

Sindikatuek legea defendatzen dute esanez ezinezkoa dela hori aldatzea eta administrazioan oposizio baten bidez bakarrik sar daitekeela, denen berdintasuna bermatzen duten meritua, gaitasuna eta publizitatearen arabera. Esan beharra dago hori guztia oso bidegabea dela, kontuan hartzen baldin badugu langile horiek oposizioak egin eta gainditu egin dituztela azken urteotan eta, beti ere, haien lana erabateko prekarietatean egin dutela. Orain, dena galtzeko zorian daude, eta, onenean ere, oposaketa bat irabazi arren, antzinatasuna onartu gabe gera daitezke. 

Azala behar da, gero, gobernu zentraletatik eta autonomikoetatik egoera hau sorrarazi duten alderdiak orain legeaz gogoratzen direla esateko. PP, PSOE Andaluzian, De Miguel kasuaren EAJ, Pujolen CiUren osasungintza, hezkuntza, garbiketa, posta, tren-garraioak… pribatizatzen ibili diren berberak orain “publikoaren defentsan” ateratzen ari dira inolako lotsarik gabe. Langileen eskubideak murrizteko baldin bada bakarrik akordatzen dira berdintasunaz, gaitasunaz eta publizitateaz. Hainbeste maite badituzte sektore publikoa eta balore horiek, oraingo bitarteko langileak finko bihurtu, egindako pribatizazioak atzera bota eta administrazioaren lanpostuak zabal ditzatela, oposizio gardenak konbokatuz, azken urteotako lanpostuetako murrizketak gainditzeko. 

UGT, CCOO eta CSIFeko zuzendaritza sindikalek sinatutako “Akordiotzarrak” (Acuerdazo) helburu bakarra du: egungo behin-behinekotasun tasa jaitsi %20tik %8ra hiru urtetan, lege iruzurrean egindako kontratuetatik  Europak jarri dezakeen isuna saihestu ahal izateko. Esate baterako, Aragoin behin-behinekotasuna %50koa da, hau da, 10.000 langileetatik, erdia prekarioak dira, eta EAJren Euskadin %40koa da;  estatu mailako bataz bestekoa bikoizten du.

Zuzendaritza sindikalen jarrera kaltegarri horrek ekarri du bitarteko langileak beren kabuz antolatu behar izatea, sindikatuetatik kanpo. Horrela sortu da Behin-behineko Bitartekoen eta Estatutario Ebentualen Plataforma, 26 erakunderen atxikimenduarekin.

Akordiotzarra kanpora: “Lehendabizi konponbideak, gero oposizioak”

Iragarritako oposizioen deialdi masiboak, praktikan Estatuaren eta administrazio gehienek duten errua eta erantzukizuna onartzea dakar. Hamarkada luzeetan, neurriz kanpo erabili izan dituzte halako kontratuak langileen eskubideak zapaltzeko.

2012. urtean Cadizeko osasun-langile batek (14 urteko antzinatasuna zuena eta kontratuen etengabeko kateatzearekin  Ospitalean lanean ibili dena) egoera hori salatu eta irabazi egin zuen epaiketa. Izaera mugagabea onartu egin zitzaion, administrazioarentzat 3 urte baino gehiagoko lana egin izanagatik.

“Mascolo auzia” izena eman zaion Europako Auzitegiaren ebazpen batek auzibidea ireki zuen bitarteko langileen lanpostuak errespeta daitezen erreklamatzeko. Egun badira 3 hilabeteko kontratuak sinatzen dituzten medikuak, astero haien konpromezuak berritzen dituzten erizainak, aldi baterako udaltzainak, garbitzaileak, igeltseroak, iturginak, lorezainak...

Bitarteko langileek eskatzen dute oposizioak baino lehen egoera honi irtenbide bat eman behar zaiola, haietako asko adinekoak direlako eta zailtasun handiak dituzte berriro kokatzeko edo bizitza berregiteko lanpostua galduz gero. Lan eskaintza hau faltsua dela salatu dute, lanpostuak egon badaudelako eta haietan ere  langileak daudelako. Ez da enplegu berririk sortzen; antzinatasuna izan eta lanpostu horietan jarraitzeko eskubidea duten langileen ordez, administrazioarentzat merkeagoak diren langileak onesten dituzte. Behin-behinekotasuna ez da konpontzen bitarteko langileak kanporatuz, baizik eta behin-behineko kontratuak finko bihurtuz. Langileak ez daude soberan. Aldiz, faltan daude. Bitartekoak eta behin-behinekoak egonkortu behar dira eta lanpostu berriak sortu eskoletan, ospitaletan, mendekotasunean, suhiltzaileen zerbitzuetan, baso-lanetan, epaitegietan...

Bitarteko langileen eskubideak errespetatu behar dira. Ez dira orain erabili eta gero botatzekoak. Konponbidea argi dago zein den: duela 10, 20 edo 25 urtetatik lege iruzurrean dauden plazak okupatzen dituzten bitartekoak egonkortu behar dira eta gainera plaza berriak atera behar dira zerbitzu publikoak hobetzeko, azken urteotako murrizketek eragin duten egoerari buelta emateko. Eskatzen da antzinatasunean oinarritutako  merezimendu lehiaketa bat, beste balorazio irizpiderik gabe.

Bitarteko langileak beren kabuz antolatu dira haien lanpostuen defentsaren alde

Bitartekoen Plataformak enplegu publikoaren legedia 1999/70/UE Zuzentaraua Komunitarioaren arabera egokitzeko eskatzen dio Gobernuari. Egokitzeko epea 2001ean bukatu zen, eta 17 urte beranduago, ez da ezer egin. Egun 700.000 pertsona langabezian geratzeko mehatxupean daude, 18 urtez lanean egon ondoren. Edo oposizioak gainditzen dituzten edo haien lanpostuen alde borrokatzen diren.

Nork bere aldetik borrokatzen badu oposizioa gainditzeko, bitartekoek galtzeko aukera guztiak dituzte, haien lana eta oposizioaren prestaketa batera eraman beharko dituztelako. Egoera hori larriagoa da emakumezkoen kasuan, familia ardurak eta etxeko kargak gehitu beharko dituztelako. Aukera bakarra ekintza kolektiboa da. Batu eta antolatu egin behar da, elkarrekin borrokatzeko.

Ez da harritzekoa bitarteko langileak beren kabuz antolatzea sindikatu nagusien jokabidearen aurrean, azken horiek nahiago baitute unean uneko gobernuaren bozeramaile izan hortzak erakutsi baino. Beraz, langileek kalean egin beharra dute borroka. Estatuko toki askotan bitartekoen plataformak sortzen ari dira, han hemenka elkarretaratzeak, manifestazioak eta grebak eginez, sektorez sektore, komunitatez komunitate. Andaluziako irakasleak, Aragoiko bitartekoak, Gasteizko Udaleko langileak ari dira bidea erakusten, eta horrekin batera, auzitegietan ere borrokatzen ari dira erabat justuak diren eskubideen alde.

Euskadiko bitartekoen plataformak ondokoa eskatzen du:

a) Hamarkada luzeotan lege iruzurrean egindako kontratuak gertatu eta gero, kontuan har dadila salbuespenezko egoera hau haien lanpostuak bermatzeko merezimendu lehiaketa baten bidez.

b) Enplegu-eskaintza publikoak zein enplegatu publikoei eragiten dizkien deialdiak bertan behera utzi, izan funtzionario, bitarteko, behin-behineko, behin-behineko estatutario, haien egoera erregularizatu arte, behin behineko kontratuak gehiegi luzatu direlako lege iruzurrean egoteagatik.

c) Onar dezala ofiziozko aitorpena, 30 hilabeteko epe barruan,  24 hilabete baino gehiagoko kontratuak izan dituzten langileen kasuan, finkoa ez den mugagabeko pertsonalarekin gertatu bezala.

Bitarteko guztien borrokak batzea beharrezkoa da

Estatu mailako sindikatu nagusietako buruzagiak, Montororekin sinatzeaz gain, aurreiritziak zabaltzen ari dira. Esaten ari dira administrazio publikoan sartzeko bide bakarra oposizioa dela, eta horretan ez dagoela legea aldatzerik. Eta hori esaten diete urteetan plaza bera betetzen ari diren langile berberei. Aldi berean diote “sektore eta administrazio ezberdinek bat eginez gero, gure aldarrikapenak ikusezin bihurtuko liratekeela”. Bistan da haien estrategia dela bitartekoen kolektiboa zatitzea eta banatzea, sektore publikoan nagusi den lan prekarietatearen aurkako borrokan indar garrantzitsu bat ahultzea. Horrek, sektore pribatuan diren ETT, kontratak eta azpikontratetan prekarizatutako enpleguan ere ondorio kaltegarriak edukiko ditu. 

Lan prekarietatea minbizia da langile klasearentzat, emakumeentzat, gazteentzat, pentsio publikoentzat. Prekarietateak enplegu finko eta eskubidedunari guztiz barrua jaten dio etengabe. Azpikontratak, ETTak, autonomo faltsuak, lege iruzurrean diren ebentualak… Horiek guztiek sekulako aberastasuna sortu arren, pobrezian eta biziraupenaren beharrean erori diren sektore bihurtu dira burgesiaren, bankuen eta kapital handiaren mesedetan.

Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak borrokan diren bitarteko langileekin bat egiten du!

Aski da,  prekarietaterik ez!

Borroka honek emakume aurpegia du, horregatik haiek dira kaleak betetzen dituztenak. Haien borroka langileon eta gazteon borroka da. Eta horretan, Ikasle Sindikatuaren eta Ezker Iraultzailearen babesa dute.

Mobilizazioak:

Maiatzak 17, Elkarte Autonomo guztien hiriburuetan

Kontzentrazioak:

Maiatzak 26 Bilbo, 

Ekainak 2 Gasteiz

Ekainak 9 Donostia

Ekainaren 4tik aurrera, greba mugagabea administrazio publikoetan

Informazio gehigarria