Elkartasuna Antaliseko langileekin! Lanpostu guztien defentsan!

  • Inprimatu

Pasa den ostiraletik langabezian daude Antaliseko 37 langileak, kaleratze eskutitzak jaso ondoren. Gaur, beste behin, mobilizatu egin dira beren lanpostuen defentsan. Euskal Herria Sozialistatik babes osoa eman nahi diegu Antaliseko langileei eta beren borrokari, eta beste behin, gure proposamena luzatzen diegu sindikatuetako arduradunei kaleratzeei eta fabrika itxierei aurre egiteko.

 

Beste kasu askotan bezala, egun batetik bestera jaso zuten Antaliseko langileek lantegiaren itxieraren berria (lehen Kanguros zena). 2001ean, Antalis multinazionalak erosi zuen Albizturgo Kanguros. Enpresa ekonomikoki bideragarria ez denaren aitzakiarekin, multinazionalak ez du arazorik izan 37 langile kale gorrira botatzeko. Denok ondo dakigun bezala, multinazional honen helburu bakarra irabazi maximoa izan da langileen sufrimenduaren kontura.

Euskal Herria Sozialistatik mahai gainean jartzen dugu berriro kaleratzeei eta fabrika itxierei aurre egiteko proposamena. Hau genion orain dela gutxi beste artikulu batean:

“Gure iritziz beharrezkoa da Tolosaldean gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da. Batasuna da Tolosaldeako langile eta hauen familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza handiena dira. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Tolosaldean gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta erasoekin dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeko biztanleria borroka honetan inplikatzea.

Beharrezkoa da lanpostu eta lan baldintza guztiak defendatzea. Zenbat eta atzera pauso gehiago egin, orduan eta eraso gehiago etortzen dira etorkizunean. Enpresek lana jaitsi dela esaten badute, sindikatuek honakoa defendatu behar dute: lan orduak jaitsiz lana banatu lan baldintzak eta soldatak ukitu gabe. Enpresek hori bideragarria ez dela edo fabrika ixtea beharrezkoa dela esaten jarraitzen badute, beharrezkoa da sindikatuek lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko alternatiba bakarra defendatzea: enpresa desjabetu, publiko egin eta langileen kontrolpean jarri. Langileek kontrolatutako enpresa publikoekin lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresen irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, etxebizitza, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik”.