Elkarrizketa: Corrugados Azpeitiako lan gatazka dela eta

Jarraian Esteban Campos Corrugados Azpeitiako langile eta LABeko delegatuari enpresako lan gatazka dela eta egindako elkarrizketa dakargu.

 “Garbi dago guztion aurkako erasoa dela, guztion bizi baldintzei, bakoitza bere nortasun eta estrategia propioarekin, baina iruditzen zait dugun erasoari aurre egiteko, borroka bateratua egitea dela borroka molde eraginkorrena.” 

 

1.- Krisiak nola eragin dio Corrugados Azpeitiako lantokiari?

 Krisiak bete betean eragin digu. Guk eraikuntzarako barrak egiten ditugu eta etxerik saltzen ez denez espainiar merkatuan, honek beste merkatu batzuk bilatzea eskatzen du eta Gallardo taldeak kudeaketa zeharo traketsa egin du, bere bideragarritasuna berriro espainiar merkatuan oinarritzen du eta hor ez da etorkizunik.

 

2.- 2012ko ekainean greba mugagabea egitea erabaki zenuten, zergatik?

Grebari ekin genion zeharo neurri gogorrak inposatu nahi zizkigutelako: 60 kaleratze (lehen 100 kaleratze eginak), %35 soldata murrizketa (lehen 5 urtean soldatak izozturik), suspentsio ERE berri bat (lehen suspentsioan 270 egun eginak), urteko lanaldia igotzea eta inongo enpresa proiektu barik. Bideragarritasuna ezin da soilik langileen baldintzak xahutzea izan, merkatu berriak bilatu behar dira eta ekoizten dugun produktua dibertsifikatu.

 

3.- Babesa eta elkartasuna jaso zenuten?

Bai, hainbat lantegi, eragile sozial, herritar eta abar.

 

4.- EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere bi epaietan zuen alde egin du. Zein da honen balorazioa?

Bi epaiak garbi utzi dute gure enpresako zuzendaritza izan dela negoziatu nahi izan ez duena, oso balorazio positiboa egiten dugu, oraindik justizia badela dirudi...

 

5.- 2013ko urtarrilaren hasieran sei hilabete greba mugagabean egon eta gero hau uztea erabaki zenuten, zergatik?

Bi epai aldeko izanik, greba uzteko erabakia hartu genuen benetako negoziazio prozesu bat ahalbideratzeko, gure borondate ona erakutsiz, greba utziaz negoziazioaren mesedetan.

 

6.- Zein da orain egoera?

Ez da negoziaziorik egon, orain 6 hilabeteko neurri berak inposatu nahian jarraitzen dute eta amaieran guztiontzako extintzio ERE bat aurkeztuko dutela diote.

 

7.- Aurrera begira mobilizazioak antolatzen ari zarete?

Noski mobilizatuko garela, egoera honetan borroka da bide bakarra.

 

8.-  Zein uste duzu izan behar dela hurrengo urratsa borrokan?

Guk jo beharreko ate guztiak joak ditugu, hurrengo urratsak instituzioek lagundurik gure lantegia ez ixten saiatu behar gara, guztiok norabide berdinean lan eginez.

 

9.- AENA (Noaingo aireportua), AENA (Forondako aireportua), Alfa, AP 68 Araba, AP 68 Bizkaia, Auzolagun Bizkaia, Auzolagun Gipuzkoa, Cementos Lemona, Laminaciones Arregui, Sunsundegi, Corrugados Azpeitia eta beste hainbat enpresa komitek Bilbon 17:30etan eta Iruñean 18:00etan manifestazioak iragarri dituzue datorren martxoaren 9rako “Ni despidos, ni reformas, ni imposiciones. Enplegua defenda dezagun” lelopean. Borrokak elkartzea da bidea? Egokia litzateke arazoekin dauden lantokien borroka bateratua eta koordinatua izatea aurrera begira?

            Garbi dago guztion aurkako erasoa dela, guztion bizi baldintzei, bakoitza bere nortasun eta estrategia propioarekin, baina iruditzen zait dugun erasoari aurre egiteko, borroka bateratua egitea dela borroka molde eraginkorrena. 

 

 

Informazio gehigarria