Rosa Luxemburgo: iraultzaile erosezina

Urtarrilaren 15ean 100 urte bete dira Rosa Luxemburgo erail zutenetik Karl Liebknechtekin batera. Iraultzaile handia, militante internazionalista eta marxismoaren teorialaria, bere bizi, indar eta adimen osoa gizartearen eraldaketa sozialistari eskaini ziolako hil zuten.

DwzCBkrX4AI73MI

 

Rosa Luxemburgo 1871ko martxoaren 5ean jaio zen Zamoscen, errusiar tsarismoaren menpeko Poloniako hiri txiki batean. Jaio eta gutxira, bere familia Varsoviara mugitu zen, eta bertan hasi zuen ibilbide politikoa 15 urterekin. Geroztik, borroka nekaezinez, exilioz eta errepresioz betetako bizialdia izan zuen.

Rosa gazteak paper garrantzitsua jokatu zuen, lehenik, Poloniako sozialdemokraziaren eta, ondoren Alemaniako sozialdemokraziaren garapenean. Tinko borrokatu zuen erreformismoaren eta gerra inperialistaren aurka eta langile internazionalismoaren defentsan. Era berean, paper garrantzitsua izan zuen klaseko feminismo iraultzailearen aldeko borrokan, Clara Zetkinekin batera.

Hain zuzen ere, Rosa Luxemburgoren ekarpen handienetakoa izan zen erreformismoaren eta oportunismoaren aurkako borroka. Joera politiko horiek sozialdemokraziaren barruan sortzen hasi ziren, besteak beste, goraldi ekonomikoagatik, 1890ean SPD alderdia legeztatu zutelako eta erakunde burgesetan gero eta posizio politiko handiagoa zuelako, zeinaren menpe jarri baitzuten alderdi ekintza oro. 1898an Bernsteinek artikulu sorta bat idatzi zuen iraultzaren ikuspuntu marxista abandonatu izanari oinarri teoriko bat emateko, eta sozialismoa lortzeko bide bakartzat erakunde kapitalisten elkarlan baketsuaren defentsa egin zuen.

Rosa Luxemburgok idatzi sorta horri erantzun zion eta, gerora, Erreforma edo Iraultza liburuan bildu zituen guztiak. Bertan azaltzen da erreformen eta hobekuntzen aldeko borroka erabat beharrezkoa dela langile klasearen kontzientziak aurrera egin dezan,  langileak jabetu daitezen gizartea aldatzeko jokatu behar duten paperaz, baina hori masen ekintzen produktua da, ez gobernatzen duenaren edo negoziatzeko gaitasuna duenaren borondatearen araberakoa.

Iraultza lehertzen da Alemanian

1918ko azaroan, Kielgo marinelak altxatzearekin batera mugimendu iraultzailea piztu zen Alemanian. Altxatutako langile eta soldaduek hiriak hartu zituzten, bata bestearen atzetik, kartzelak ireki eta preso politikoak askatu zituzten, fabrikak eta kuartelak okupatu eta Langileen eta Soldaduen Batzordeak osatu. Mugimenduak kaiserra garaitu zuen. Egun gutxiren buruan, langile klaseak errepublika aldarrikatu eta Alemaniaren eraldaketa sozialistarako bidea ireki zuen.

Edonola ere, burgesiak ondo ikasia zuen iraultza boltxebikearen ikasgaia eta Alemanian gauza bera gertatzea eragozten ahalegin guztia egin zuen. SPDren zuzendaritza eta masen sektore zabal baten aurrean zuen autoritatea erabili zuen iraultza barrutik saboteatzeko. Ebert, Scheidemann, Noske eta Alemaniako inperialismoa babestu zuten beste zenbait agintari sozialdemokratek koalizio bat adostu zuten armadako goi karguekin Langile eta Soldaduen Batzordeak kontrolatzeko.

Halere, kontrairaultzak erresistentzia bortitza izan zuen Berlingo langileen eta bere erakundeen artean, batez ere Liga Espartakistarekin, Rosa Luxemburgok eta bere kide internazionalistek sortua. Hortik jaio zen Alemaniako Alderdi Komunista 1918ko abendu bukaeran.

Halere, ez zen nahikoa izan Berlingo langileen kemen eta sakrifizioa, espartakistek ez zuten lortu alderdi iraultzaile bat sortzea. KPDren fundazio kongresuan, Luxemburgo gutxiengoan geratu zuen, 1919ko urtarrileko Batzar Konstituziogilerako hauteskundeetan parte hartzeko defentsan. Monarkiak, militarrek eta sozialdemokraziak ahultasun hori baliatu zuen iraultza erabat zapaltzeko eta abanguardia iraultzailea suntsitzeko.

Rosa Luxemburgo eta Karl Liebknecht Freikorps-en komando batzuek erail zituzten, Noske barne ministro sozialdemokrataren aginduz, eta iraultzaren porrota izan zen. Ondoko hilabeteetan, milaka komunista masakratu zituzten eta batzordeak behin betiko ezeztatu. Martxoaren 10ean Leo Jogiches hil zuten, zeinak KPDren antolakuntza mantendu zuen eta Rosa Luxemburgoren ondarea salbatu.

Alemaniako iraultzatik 100 urtera, iraultzaileok orduko pertsonaia nagusienaren bizitza eta obra aldarrikatzen ditugu. Ekarpen teoriko eta praktiko handiak egin zizkion marxismoari eta klase arteko borrokari, baina erreformismoak eta estalinismoak nahita ezkutatu, desitxuratu eta kalumniatu dute hori.

Ordena nagusi da Berlinen artikuluan Rosak honela idatzi zuen: “Zuzendaritzak huts egin du, baina zuzendaritza berria sor dezakete eta sortu behar dute masek. Masak erabakigarriak dira (...). Eta horregatik, ‘porrotetik’ sortuko da etorkizuneko garaipena. ‘Ordena nagusi da Berlinen!’ Ipurgarbitzaile ergelak! Zuen ‘ordena’ harea gainean eraikia dago. Bihar, iraultza berriro altxatuko da eta, ikaratuko zarete, tronpetez lagunduta halaxe iragarriko du: izan nintzen, banaiz eta izango naiz!”

Informazio gehigarria