Borrokaren arrakasta eta gero

LOMCE hezkuntza erreforma frankistaren aurkako borrokak aurrera jarraitu behar du

Kurtso hasieraz geroztik, geroz eta luzeagoa da mobilizazioen zerrenda: Ikasle Abertzaleak-ek estatuko beste zenbait erakunderekin batera deitutako urriaren 11ko greba, Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantes-ek estatu guztian urriaren 16, 17 eta 18an eta otsailaren 6, 7 eta 8an jarraipena izan zuen 72 orduko grebak, ELA, LAB eta STEE-EILASek martxoaren 2an antolatutako manifestazioak Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostian eta beste greba bat, martxoaren 14an Nafarroan, Ikasle Abertzaleak-ek deituta. Indar erakustaldi honek Wert legearen tramitazioa atzeratzea ekarri du.

 

Alderdi Popularraren gobernuak, LOMCEaren bidez, historia hurbilean hezkuntza publikoari egin zaion erasorik bortitzena saihesteko ikasle eta langileak masiboki mobilizatu dira. Werten legea pribatizatzailea, klasista eta antidemokratikoa da, eta eskubide demokratikoei erasotzen die; batetik irakasleenei, nahierara aukeratutako zuzendari autoritarioak ezarri nahi baitituzte eta ikastetxe publikoetako gestio demokratikoarekin amaitu nahi baitute; bestetik, ikasleena, era guztietako selektibitate akademiko eta ekonomikoen bidez, hezkuntza sistematik kaleratu nahi baitituzte. Bestalde, gogor erasotzen du euskara, baita katalana eta galegoa ere.

 

Gainera, Euskal Herrian erreforma honi UPN eta EAJren eskuineko gobernuen erasoak gehitu behar zaizkio. Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilari den Jose Iribasek 2013ko aurrekontuetan hezkuntza publikoaren sarean %6,28ko murrizketa izango zela planteatu zuen, aldiz, sare pribaturako diru-sarrerak igoera izan du. Honen ondorioz, ikasgeletako ratioak handitzen ari dira eta irakasleek eskola ordu handiagoa dute ordezkapenak gutxitu egin baitira. Gainera, batetik Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Sindikatua urrian mobilizatu izanaren eta bestetik ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEE-EILAS sindikatuak, Sortzen eta Herrikoa guraso elkarteekin eta Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Sindikatuarekin batera azaroaren 24an Iruñean manifestatu izanaren arrazoia hau izan zen. Orain erasoek bere horretan jarraitzen dute, behin-behineko langileen soldatetatik eguberri eta aste santuko oporrak murriztuz eta, horrela, beraien egoera prekarioa areagotuz.

 

EAJ buru duen Eusko Jaurlaritza berriak ere 1.200 milioi euroko murrizketa iragarri du 2013ko aurrekontuetan, eta Uriarte hezkuntza kontseilariaren arabera oraindik zehazteke dagoen zati batek sare publikoari eragingo dio. Eta ez hau bakarrik: hizkuntzaren arloan, EAJk, PP eta UPyDrekin batera proposamen bat onartu du “eskaera bat eginez” Eusko Jaurlaritzari, haur-eskoletan “euskararen erabileraz gain, gazteleraren erabilera ere berma dezan”; horrela, haurtzarotik euskara ikastea ahalbidetzen duen murgiltze linguistiko ereduarekin bukatuz.

 

Bestalde, Urkulluk “ez dugu LOMCEa onartuko, ezarritako lerro gorriak zeharkatzen baditu” esan bazuen ere, hezkuntza eta osasuna ez zituztela ukituko esan zuenekoaren gisan, hutsalak dira. Lanbide Heziketako kontseilariorde den Jon Arevalok hitzez hitz esan zuen: “Wert legea onartzen bada, garatu ahal izan izateko, gure esperientzia aportatzeko prest gaude”. Hau da, EAJ erabat bat dator PPren erasoekin, Nafarroan UPNrekin eta Katalunian CiUrenekin bezala, klaseko interes berak defendatzen baitituzte. Zerbitzu publikoak erasotu, desmuntatu eta pribatizatu nahi dituzte, horrela sekulako etekinak atera eta gazteria eta langile klasea langabezi eta miseriara kondenatuz. Hau guztiagatik, Wert legeari eta EAJ, PP eta UPNren eraso guztiei aurre egiteko, ezkerreko erakunde guztiak batuta borrokatzea beharrezkoa da. Beraiek bai, batzen dituzte indarrak langile klasearen aurkako aurrekontuak adosteko. Beraz, nahitaezkoa zaigu ikasle eta langile klasearen indarrak pilatzea sektore publiko eta eskubide demokratiko nazionalen defentsan.

 

Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantes-en greba astea: borrokaren adibide on bat

 

Joan den otsailaren 5, 6 eta 7an Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantes-en hezkuntza publikoa defendatzeko deialdiarekin bat egin zutenak milioika izan ziren. Lanbide Heziketa, Batxilergo eta DBHko 3. eta 4. mailetan, ikasleen % 90ak estatu guztian deituta zegoen 72 ordutako greba babestu zuten, eta milaka eta milaka izan ziren 120 baino manifestazio gehiagotan kalera irtendakoak.

 

Ikasleen erantzun honek, ikastetxeez haratago, iritzi publikoan ere izan zuen oihartzuna. Ikasle Sindikatuaren-Sindicato de Estudiantes-en arabera, beren erakundeak bigarren hezkuntzako 2.000 baino institutu gehiagotan ikasleen asanbladak antolatu zituzten, 750 greba komite antolatu zituzten eta ehunka pikete informatibo egin zituzten kaleak zeharkatuz gizarteari grebaren arrazoiak esplikatzeko. Egun horietan zehar, propaganda banatu eta borrokarako laguntza ekonomikoa eskatu zuten erietxe, autobus eta metro geltoki, taberna eta hainbat hiri eta herrietako beste zenbait lekutan. Ikasleen grebaren oihartzuna hainbestekoa ari zen izaten ezen hezkuntza ministerioak bere datu faltsu eta balorazio ezberdinak zabaltzera atera behar izan zuen, horrela grebaren arrakasta gutxiarazteko intentzioarekin. Hala ere, komunikatu eta deklarazioak hain ziren hutsalak, eta grebaren jarraipen datuak hain irrigarriak, %17,20ko jarraipena izan zuela zioten, hezkuntza ministerioa bera zalantzatan jarri zutela. Are gehiago oraindik, Andaluziako hezkuntza kontseilaritzak %70 inguruko parte hartzea izan zela esandakoan edo PPren eskuetan dagoen Valentziako hezkuntza kontseilaritzak %40ko parte hartzea izan zela esandakoan edo Asturiaseko hainbat institututako zuzendariek parte hartzea %90 inguruan kokatu zutenean. Beste behin ere, hezkuntza ministerioa, frankismo garaiko Informazio eta propaganda ministerioaren pareko agertu zen, langile eta gazteriaren edozein mobilizazioren aurrean, hauen existentzia bera ukatuz. Wert eta bere ministerioarentzat albiste txarra, ordea, zera da: grebak erabateko arrakasta izan zuela eta ez zutela inor engainatzea lortu.

 

Ikasle Sindikatuak antolatutako borroka aste honen esperientziak argi erakusten duenez, Werten erreforma frankistaren aurkako oposizioa masiboa da. Ikasle Sindikatuaren arabera “ikasleok ez gaude bakarrik: gure irakasle eta gurasoen babes osoa dugu eta guraso hauetako askok, Santiago de Compostela eta Andaluziako toki batzuetan, borrokan aktiboki parte hartzeko deia luzatu eta gurasoen greba deitu zuten otsailaren 6 eta 7an; irakasleek ere, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bi orduko lanuztea bultzatu zuten otsailaren 7rako Andaluzia guztian. Zuzendaritza sindikalen argudioak, irakaskuntzako langileak nekatuta eta desanimatuta daudela esanez, errealitatearekin zerikusirik ez duten aitzakia baino ez dira. Desanimua eta eszeptizismoaren ordez, bai urrian eta baita otsaileko aste honetan ere ikusi dugun bezala, ikasleon mobilizazio hauek haize freskoa izan dira gurasoentzat eta irakasleentzat hezkuntza publikoaren defentsan eta borroka hau irabazi ahal dugunaren indar eta konfiantza bermatzeko balio izan die”.

 

Orain, Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantes-ek planteatzen duena hauxe da: erreforma klasista honi behin-behineko kolpea emateko, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea behar-beharrezkoa da. Beraien ustez, sindikatu eta guraso elkarteek 72 ordutako greba berri bat antolatu behar lukete hezkuntza komunitate osoaren indarrak batzeko. Euskal Herria Sozialistatik jarrera hau babesten dugu eta ezkerreko erakunde guztiei dei egiten diegu beraiek ere borroka honetara batu daitezen.

 

 

 

Informazio gehigarria