Autodeterminazio eskubidearen eta presoen amnistiaren alde! Gure indarra kalean dago! Itunik ez EAJrekin!

Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren borrokak, hau da, sozialismoaren aldeko borrokak, erabat loturik joan behar du presoen eskubideen eta amnistiaren aldeko borrokarekin.

 alsasua manifestacion dic16

Gaur egun 351 euskal preso daude; horietatik 348 sakabanaturik daude, gehienak Estatu espainiarrean eta frantsesean, 400 eta 1.100 km arteko distantzian. Horietako %95,5a lehen graduko erregimenean dago, gogorrenean alegia. Lau adin txikiko daude beren amekin eta 14 preso larriki gaixorik, horietako 3 bakarrik daude espetxe arinduetan. Dispertsioa zigor etengabe eta bidegabea da, ez soilik presoentzat, baita bere senideentzat ere; 16 pertsonak galdu dute bizia errepidean, bisitak egiteko bidaia amaigabeetan; eta 2016. urtean lau istripu egon dira. Desplazamenduetako arriskuez gain, dispertsioak gastu ekonomiko oso handia dakar. Presoaren senideentzat komunikazioa bermatzeko bataz besteko gastua urtean 20.000 euro ingurukoa da!

Nahiz eta 6 urte pasa diren ETAk armak utzi zituenetik, PPk, PSOEko zuzendaritzak eta EAJk politika kriminal horri amaiera ematetik urrun, errepresio politika berdina aplikatzen jarraitzen dute. Beren helburua da mobilizazioa kriminalizatzea eta langile klasearen eta gazteriaren mugimenduari mehatxuzko mezua igortzea. Bestalde, beren murrizketa politikak eta bankari eta enpresari handien aldeko politika guztiak modu desesperatu batean ezkutatzeko saiakera ere bada, Mozal Legea bezalako neurri errepresiboak indartzen dituzten bitartean. Nazioartean bezala, hemen ere burgesiak terrorismoaren aurkako borroka estalki gisa erabiltzen du arreta "suntsitu beharreko etsaiarengana" bideratzeko eta, horrela, aparatu polizial eta errepresiboa indartzeko. Komunikabide guztiak erabiltzen dituzte gatazkaren eta ekintza terroristen benetako erruduna beren irabazi eta pribilegioak bermatzeko gauzatzen dituzten basakeriak eta zapalkuntza direla ezkutatu nahian; horrela langile klasearen zatiketa bultzatu nahi dute. Burgesia bera da ekintza terroristak inoiz ez desagertzean interesatuena, eskuina indartzen baitute eta langile klasearen eta gazteriaren mugimendua ahuldu.

EAJk dispertsio politika antolatu eta bultzatu zuen

Estatu espainiarreko egungo agertokian, PPk eta EAJk duten papera, lehenak polizia gaiztoarena eta besteak polizia zintzoarena, antzerkitxo bat besterik ez da eskuinaren benetako interesak mantentzeko, espainiarrarenak nahiz euskaldunarenak. Horregatik, hanka sartzea da eta, gainera, ezkerretik maskara demokratiko eta errukitsu bat oparitzea da EAJrekin kontatzea presoen eskubideen defentsan; hain zuzen ere, EAJ izan da estatu aparatuko errepresio makinaria guztia eta komunikabideak kontrolatzen dituena EAEn.

EAJren ibilbidea argia da bide horretan: 1989ko maiatzaren 4an iragarri zen publikoki presoen dispertsio politika, Argeleko elkarrizketak apurtu eta hilabete geroago. Bi urte lehenago, EAJk eta PSOEk gobernu itun bat erdietsi eta Ardanza jarri zuten lehendakari. 1988ko urtarrilean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzan Ajuriaeneako ituna alderdi guztiek HBk izan ezik. Itun horren buruan EAJ eta PSOE zeuden, eta errepresioa gogortzeko plan bat besterik ez zen. Hortik aurrera EAJ dispertsio politikaren defendatzaile sutsuena izan da, eta argi utzi dute hori, behin baino gehiagotan alderdiko ordezkari nagusiek: "Dispertsioaren politikak ez du giza eskubideen bortxarik suposatzen" (Arzallus, 1989); "Dispertsioa ETA eta Gobernuaren arteko gudaren aspektu bat da. Arma politiko bat da (Arzallus, 1990); "Beti babestu izan dugu dispertsio politika... Gobernuaren politika zuzena dela uste dugu" (Anasagasti, 1992); "Kartzeletako dispertsioa onuragarria da, askok askatasunean irabaztea baimendu duelako eta ETAren estrategia apurtzen duelako" (Egibar, 1993); "Dispertsioa ez da legez kanpokoa" (Atutxa, 1995).

Morala apurtzeko isolamenduak, jipoiak, kartzeletako umilazioak eta senideen sufrimendua erabili zuten bitartean, sarien politika erabili zuten publikoki beren damua adierazten zuten presoekin. EAJ inoiz ez da izango aliatua eskubide demokratikoen defentsan. Bere diskurtso eta posizionamendu demagogikoa aurpegi garbiketa bat besterik ez da benetako ekintzak ezkutatzen saiatzeko: dispertsioa antolatu zuen eta egun errepresioa antolatzen du. Beharrezkoa da bere demagogiaren aurkako konfrontazioa eta mota guztietako itunak ukatzea.

Altsasu, Gasteizko Herri Harresia: errepresioak ez du amaierarik

Altsasuko muntaia judizial eta mediatikoa oso adibide argia da; Estatu espainiarraren eta PPren errepresio jarduna baretzetik urrun, indartu egiten dela erakusten du. Fiskaltzak bi Guardia Zibil inplikaturik zeuden taberna bateko istilua ekintza terrorista gisa salatu izanak 11 gazteren atxiloketa eragin du, eta horietatik zazpik 10 eta 15 urteko kartzela zigorrak jasotzeko arriskua dute. Defentsak aurkezturiko zazpi helegiteetatik bost ukatu ditu Auzitegi Gorenak eta hiruk Soto del Realen (Madril) jarraitzen dute ustezko ihes egiteko arriskuagatik. Gainera, muntaia horretan guztian ikusi ahal izan dugu, nola aprobetxatu den Alde hemendik! bezalako mugimendu sozialak etengabe kriminalizatzeko.

Ertzaintza eta EAJ ez dira atzean geratzen errepresioan eta Mozal Legearen aplikazioan. Horren adibide garbia dira Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik zortzi gazteri inposaturiko isunak (buruko 1.080 euro ordaindu beharko dute, eta gastu judizialekin batuta guztira 16.000 euro izango dira) edo Ikasle Sindikatuak urriaren 26an errebaliden aurka Bilbon deituriko manifestazioan gazte bati ezarritako isuna eta azaroaren 24an Leioan izandako karga polizialak.

Borroka iraultzaileak mobilizazio masiboan eta zapaldu guztien batasunean oinarritu behar du

Estatu aparatua eta eskuina mobilizazio sozialaren gorakadaren aurrean erantzun errepresibo baterako prestatzen ari dira. Barne Ministerioaren datuen arabera, Mozal Legea 2015eko uztailean indarrean sartu zenetik zazpi hilabetera, 40.000 pertsona zigortu dituzte, besteak beste, agenteenganako "errespetu faltagatik" edo "autoritatearenganako erresistentziagatik" eta bost aldiz biderkatu dira "terrorismoa goratzeagatiko" epaiketak.

Errepresioa da estatu aparatuaren erantzuna sistema kapitalistak eragiten duen zapalkuntzaren aurrean, zapalkuntza nazionala barne, borrokatzen dugun gazte eta langileen aurka. Hain zuzen ere, borroka hori geldiarazteko saiakera da, beldurtu eta sakabana gaitzaten. Baina historikoki frogatu den bezala, errepresioa beren aurkako itzultzen da mobilizazioa goraka doan garaietan. Horregatik, errepresioaren aurrean eman daitekeen erantzunik hoberena gazteen eta langileen mobilizazioa eta antolakuntza iraultzailea areagotzea da, erantzun masibo baten baitan, Euskal Herriko eta munduko gainerako klaseko anai-arrebekin batera, muga nazionalen gainetik.

Informazio gehigarria