PPren gobernuaren eraso berriak eta mobilizazio eraginkorren beharra

Rajoy eta bere ministroen argudioak ez dira inolaz ere gai izan kaleetako haserre soziala geratzeko. Barcenasen kasuarekin are gehiago erori da PPren gobernuaren autoritate morala, eta, nola ez, honek zaildu egin dio eskuin espainiarrari kontraerreformen eta murrizketen politikarekin aurrera jarraitzea. Baina arazoak arazo eta ahultasunak ahultasun, burgesia espainiarraren gobernuak ez dauka asmorik bere politikan atzera egiteko eta eraso berriak martxan jarri ditu.

 

Pasa den udaran Rajoyren gobernuak lege dekretu berri bat onartu zuen, 2012an onartu zen lan erreforma are gehiago okertuz. Neurri hau hobekuntza tekniko bezala aurkeztu zen, eta udaren "babesean" ixil-ixilik pasa zen. Lege dekretu honek ondorio hauek ekarriko ditu: enpresetako kaleratze kolektiboak errazten ditu; hemendik aurrera EEE bat ezingo da nulu deklaratu (orain arte langile kaleratuak berriz hartzera behartu zitekeen) enpresak betekizun formalak ondo betetzen baditu (epeak, oharrak...) eta nahiz eta oinarrizko betekizunak ez bete (egoera ekonomikoa); multinazionalentzat erraztu egingo dira EEEak aplikatzeko baldintza ekonomikoak; kaleratze kolektiboen aurkako salaketa indibidualak galaraziko dira; komisio negoziatzaileak indartuko dira enpresa komitearen kaltean...

 

Beste eraso larria PPren gobernuaren pentsio erreforma berria da. Erreforma honekin, pentsioen igoera KPItik bereizita geratuko da "ziklo ekonomikoaren esku" geratuko delarik. Pentsio berriak lan bizitza osoko kotizazioarekin kalkulatuko dira eta "bizi-itxaropena" kontuan hartuko da. Honek urtetik urtera eros-ahalmena galtzea ekarriko du.

 

Wert ministroaren LOMCE hezkuntza erreforma da beste eraso basatia, urtea bukatzerako onartu nahi dutena. Erreforma honek, beketan egindako murrizketek eta tasak garestitzeak oinarrizko helburua dute: langile familien seme-alabak hezkuntza sistematik botatzea.

 

Administrazio publikoaren erreforma da bestea eta honek kaleratze gehiago ekarriko ditu. NDFaren eta patronalen eskaerak betetzen ari da PPren gobernua bata bestearen atzetik

 

Hazkuntza ekonomikoa eta krisiaren bukaera

 

Krisia hasi zenetik ez dugu gutxitan entzun ia amaieran gaudela. Egia ote da oraingoan, PPren gobernuak dioen moduan, krisiaren amaiera hurbil dagoela? Inbertsioek, salmentek, kredituek, beherakortasunak... errekor negatiboetan egoten jarraitzen dute. Kanpo sektorearen hobekuntza gehiago egon da inportazioen erorketagatik esportazioen igoeragatik baino. Arrisku sariaren erorketa, behin eta berriro esaten ari direna, ez da krisi finantzarioaren hobekuntzagatik Europako Banku Zentralaren politika narkotizantearengatik baizik. Gainera, bankari emandako laguntza publikoengatik zorra ikaragarri hazi da eta ekonomia espainiarra gertuago dago insolbentziatik errekuperaziotik baino.

 

Espekulatzaileentzat, bankarientzat, multinazionalentzat eta enpresa handientzat gauzak ez doaz batere gaizki. Ibexeko enpresek %19ko irabaziak izan zituzten 2013 lehen seihilekoan, aurreko urtean baino %58 gehiago. Banku handien irabaziak are handiagoak dira eta krisia hasi zenetik bilioi bat euro gehiago hazi dira euren deposituak, kutxen erorketari esker.

 

Bitartean, krisiak eta gobernuen erasoek eragindako ondorio sozialak gero eta dramatikoagoak dira. Estatu espainiarrean sei milioi langabetu daude eta horietako 3,5 milioi epe luzekoak dira; gazteriaren langabezia %56koa da; soldaten erorketa %7,1 eta %11ren artean dago 2007tik; osasunean itxaron zerrendek gora egin dute (%43 igo da Catalunyan CiUren murrizketengatik); operazio kirurgikoak %15 jaitsi dira murrizketengatik; depresioen diagnostikoak, suizidioak eta suizidio saiakerak %20 hazi dira.

 

Sindikatuen eta ezkerreko erakundeen papera

 

Beharrezkoa da sindikatuek eta ezkerreko masa erakundeek PPren gobernuaren aurkako mobilizazio eraginkor eta zabala antolatzea. Arrazoiak soberan daude mobilizazio masiboak eta greba orokor berriak antolatzeko. Kasu askotan, literalki, hil ala biziko borroka bihurtzen ari da jende askorentzat jasaten ari garen gatazka soziala. Horregatik, beharrezkoa da behingoz, denboran luzatuko den borroka egutegi bateratu eraginkor bat antolatzea sindikatuek eta ezkerreko erakundeek, gero eta garbiago baitago aldian behin eginiko greba orokor isolatuak ez direla nahikoa erasoak atzera botatzeko.

 

Beharrezkoa da sindikatuek eta ezkerreko masa erakundeek jarraipena izango duen mugimendu masibo eta bateratua bultzatzea PPren gobernuaren erasoak atzera botatzeko. Ez dago beste biderik. Benetako ezkerreko programa defendatuz, kontraerreformen eta gastu sozialen murrizketen aurkako borroka sistema finantzario osoaren eta enpresa handien nazionalizazioaren aldeko borrokari lotuta joan behar dute. Modu honetan bakarrik izango da posible krisitik ateratzea eta lanpostuak sortzea gizarteko gehiengoaren onerako.

 

 

Informazio gehigarria