Espainiar zein euskal eskuina garaitu behar da hautestontzietan eta kalean Ez dira pasako!

  • Inprimatu

Apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeek 78ko erregimenak duen erabateko ezegonkortasunaren eta gizartean dagoen polarizazio politiko handia islatuko dute. Garai berri honen adierazpen benetan esanguratsuak ikusten ari gara: Catalunyan masa mugimenduak autodeterminazioaren eta errepublikaren alde ireki duen egoera leherkorra eta aurrera egiten duen mobilizazio soziala, burokrazia sindikalak eta sozialdemokraziak hori desaktibatzeko egiten dituzten ahaleginak desafiatuz.

Abascal Casado Rivera Colon 219

 

Fenomeno horiek, ordea, ez dira kasualitatez sortzen. Kapitalismo espainiarra jasaten ari den krisi larria eta geroz eta sakonagoa den hondamendi soziala ditu iturburu, baita Euskal Herrian ere. Datuak izugarriak dira: aurten sinaturiko kontratuen %90 behin-behinekoak dira eta 9 milioik 800 euro baino gutxiago kobratzen du. Langabeziak 3,4 milioi pertsonei eragiten die eta biztanleriaren %26,6 -12,4 milioi pertsona- pobrezia egoeran bizi da. Hego Euskal Herrian bizi den egoera ez da hain ezberdina, gehiengo sindikalak salatu duen gisan.

Gorantz doan polarizazioa

2018ko ekainean Pedro Sanchezek zentsura mozioan eskuraturiko garaipena, mobilizazio sozial ikaragarri baten bultzadaren ondorio izan zen: Martxoaren 8ko greba orokor feminista, Pentsionisten Marea, Catalunyako errepublikaren aldeko borroka, errepresioaren aurkakoak, preso politikoak, Altsasuko gazteak, etab. EAJk ere, Rajoy babestu eta bere aurrekontuen alde bozkatu ondoren, ezin izan zuen kaleko presioa gehiago jasan, bereziki indartsua Hego Euskal Herrian.

Hauteskundeen deialdi aurreratuak jada handia den polarizazio politikoak gora egitea ekarriko du. Ezinegon eta asaldatze politikoa baretzeko saiakerek porrot egin dute eta atzean utziak ziruditen mamuak berriro azaleratu dira, PP, Cs eta Voxen hizkeran, moduan eta programan. Sozialdemokraziaren propaganda irrigarriak, “zuzenbide Estatu demokratikoan” bizi garela etab. esanez, ezin du estali diktaduratik datorren Estatu aparatuaren izaera erreakzionarioa eta eskuinaren ADN frankista.

Andaluziako hauteskundeetan argi ikusi genuen zer nolako eragin desmobilizatzailea duen PSOEren politikek, murrizketak eta austeritatea aplikatzen jarraitzeak, 155a babestea eta logika kapitalista onartzearen ondorioak. Baina kolpea ez zen Susana Díazena bakarrik izan. Unidos Podemosek ere galera handia jasan zuen. Nola edo hala gobernura iristeko antsiak, sistemaren aurkako konfrontazioari eta mobilizazioa bultzatzeari uko eginez, itxuragabetu egin ditu Pedro Sánchezen PSOEren eta egungo Podemosen arteko ezberdintasunak.

Bloke atzerakoia garaitu behar da kalean eta hauteskundeetan

Andaluziako hauteskundeetan Voxen emaitzen ondoren, EAJk bere burua politikoki zuritzeko eta “zentro aurrerakoiko” alderdi gisa saltzeko aprobetxatu du, espainiar eskuina baino aurrerakoiagoa den aukera moduan. Baina muturreko eskuinaren gorakadaren aurrean agertzen dituen ustezko kezkak erabat hutsalak dira. Inoiz ez du arazorik izan PPrekin itunak egiteko. Baina, gainera, bere txiringito bihurtu dituen euskal instituzioetatik funtsean eskuineko politika ekonomiko eta sozial berberak babesten eta aplikatzen ditu: murrizketa sozialak eta errepresioa langile klasearen aurka, leialki ordezkatzen duen burgesiaren poltsikoak ederki betetzeko.

Eskuin espainolistaren bloke atzerakoiak erasoen jo mugan jarri ditu nazio zapalduen eskubide demokratikoak, mugimendu feminista, eta xenofobiaren eta arrazakeriaren pozoia zabaldu nahi du. Diskurtso frankista eta demagogia higuingarriena erabili nahi du langile klasea zatitzeko eta zapaltzeko. Bitartean, eskuineko sektore batzuk, egungo “marko autonomikoa” defendatu nahi dute eta hori ezkutu gisa erabili, Catalunyan, Galizan eta Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokak duen eduki iraultzailea desegiteko.

Zentzu honetan EAJk autonomiaren defentsaren buruan kokatu nahi du bere burua, hau da, espainiar Konstituzioaren eta 78ko erregimenaren defentsan. 2017ko urriaren 1ean Catalunyako herria erabakitzeko eskubidearen alde borroka eredugarri bat ematen ari zen bitartean, Urkullu lehendakariak, berak epaitegien aurrean deklaratu zuen bezala, ahal zuen guztia egin zuen Rajoyrekin aliaturik herri katalanaren altxamendu miresgarriarekin amaitzeko.

Ezker Iraultzailetik gure indar guztiekin lagunduko dugu PP, Cs eta Voxen bloke erreakzionarioa garaitzeko Euskal Herrian. Baina EAJk eta PSEk ezartzen dituzten austeritate eta murrizketa politika kapitalisten aurka ere egingo dugu, gainera aurrekoei bidea irekitzen baitie. Horregatik EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek oposizio gogorra planteatu behar dute, kaleko mobilizazioa aurrera eramanez, borrokan dauden sektoreak batuz eta programa apaltzeari eta eskuinarekin itunak egiteari uko eginez.

Baina bozkatzea ez da nahikoa. Eskuina hautestontzietan garaitzeko eta langileen, gazteriaren eta krisi kapitalistaren ondorio gogorrak jasan ditugun guztion interesak defendatzeko, ezinbestekoa da kaleetan mobilizazio masiboarekin jarraitzea eta borrokarako ezkerra eraikitzea, langile mugimenduan eta klaseko sindikatuetan sustrai handiak ezarriz, baita ikastetxe eta mugimendu sozialetan ere. Askapen nazionaleko borrokak paper erabakigarria izango du klase arteko borrokan. Horregatik beharrezkoa da ezkerrak, nazio zapalduetan zein estatu mailan, autodeterminazio eskubidea defendatzea modu kontsekuente batean eta hori sozialismoaren aldeko borroka iraultzailearekin elkartzea, gazteriaren eta langile klasearen indarrean oinarrituz eta burgesia espainiar, zein katalan eta euskaldunaren aurka eginez.

Hori da Ezker Iraultzailetik defendatzen dugun alternatiba: kapitalismoarekin hausteko programa, bankuen ta monopolio handien nazionalizazioaren alde, autodeterminazio eskubidearen alde eta errepublika sozialistaren alde.

Ez dago denbora galtzeko!