Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna

“Historia orokorrean, eta iraultzena zehazki, beti ere aberatsagoa da edukietan, aniztasun handiagokoa formetan eta aspektuetan, biziagoa eta “adimentsuagoa” da alderdi hoberenek, klase aurrerakoienen abangoardia konstzienteenek ere, uste dutena baino”.

(Lenin, Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna)

 

Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna marxismoaren obrarik garrantzitsuenetarikoa da. Zentzu askotan, Leninen obrarik onena da, boltxebismoaren esperientzia historiko osoaren laburpen bat erakusten baitu. Leninen metodoaren esentzia ulertu nahi duen edonork orrialde hauek patxadaz aztertu besterik ez du, modu erabat zehatzean klase borrokako taktikaren artea eta estrategiaren zientzia azaltzen baitute.

 

Leninek 1920ko apirilean idatzi zuen Haurtzaroko eritasuna eta Apendizea berriz urte bereko maiatzaren 12an, Errusiako Iraultzaren garaipenaren ostean bizitako emozioz beteriko garai hartan. Hirugarren Internazionala (Komunista) aurreko urtean sortua izan zen, Bigarren Internazionalaren (Sozialistaren) kolapsoaren emaitza gisa, eta porrot hau geldiezina izan zen alderdi sozialdemokratetako buruzagi erreformisten traizioaren ondoren, zeintzuek kongresu internazionaletako erabakiak bortxatuz, gerra kredituen alde bozkatu baitzuten eta 1914etik 1918rako gerra inperialista babestu.

 

Errusiako Urriko Iraultzaren garaipenak bultzada indartsu bat eman zion, hasiera batean, alderdi sozialdemokrata zaharren barruko masen tendentzia komunisten eraketari, eta aurrerago, herrialdez herrialde, alderdi komunisten sorrerari. Baina alderdi berrien buruzagiak heldutasun politikorik gabeko gazteak ziren orokorrean, eta nahiz eta Urriko Iraultzan inspiratu ziren, ez zuten boltxebikeen esperientzia berbera eta kasik ezagutzen zuten boltxebismoaren historia, teoria eta praktika. Ondorioz, oker ugari burutu zituzten, gehienbat mota ultraezkertiarretakoak. Gabezia hauek gainditzen laguntzeko eta boltxebismoaren benetako izaerarekin ohitzeko idatzi zuen obra hau Leninek. Lehenbizikoz duela ia 80 urte argitaratua izan bazen ere, idatzi zen garaian bezain erabilgarria eta erabakiorra izaten jarraitzen du.

 

Leninek garrantzia handia eman zion obra honi, eta bere ohiko zehaztasunaren adierazgarri, arreta pertsonal handia eman zien zuzenketa eta argitalpen epeei Internazional Komunistaren Bigarren Kongresuaren irekiera baino lehen argitara zedin, bertako ordezkariek kopia bana jaso zutelarik. 1920ko uztailaren eta azaroaren bitartean liburua Leipzigen, Parisen eta Londresen argitaratu zen, germanieraz, ingeleraz eta frantsesez hurrenez hurren.

 

ZEIN DA LIBURUAREN FUNTSA?

 

Liburuaren funtsa edo arrazoia argi azaldurik agertzen da idatzi originalaren azpitituluan, Estrategia eta taktika marxistari buruzko herri eztabaidaren saiakera Lenin bizi artean argitaratutako edizio guztietatik desagertu zena.

 

Bere orrialdeetan alderdi iraultzailea eraikitzeko lanari buruz hitz egiten da, hasiera batean dirudiena baino eginkizun korapilatsuago bat berau. Alde batetik marxismoaren, eta bestetik, bizirik dagoen langile mugimenduaren eta historian zehar garatu dituen erakundeen arteko erlazioa eskatzen du.

 

Klase borroka, eta honek masen pentsakeran duen islada, ez da lerro zuzen baten moduan garatzen, baizik eta aldioro aldaketak dituen etapa multzo batetik igarotzen da, bere aurrerakada eta atzerakadekin. Azken 150 urteetan soilik bi alditan sortu ditu langile klaseak gizartea eraldatzeko bere nahia adierazi duten erakundeak: Bigarren eta Hirugarren Internazionalak (Sozialista eta Komunista hurrenez hurren). Hontatik  langile masa erakundeak sortzea oso ezohikoa izan dela pentsa dezakegu.

 

Langile klasea ez da automatikoki iristen ondorio iraultzaileetara. Horrela balitz, alderdia eraikitzeko eginkizuna hutsala litzateke. Langile klasearen mugimendua lerro zuzenaren moduan garatuko balitz eginkizuna erraza litzateke, baina errealitatea ez da horrelakoa. Aldi historiko luze baten ostean, langile klasea alderdiaren eraiketaren beharra ulertzera iristen da. Antolaketarik gabe, langile klasea ez da esplotaziorako lehengai besterik. Erakundeen sorrerarekin, bai arlo sindikaleko edota, maila gorenago batean, politikoekin, langile klasea klase moduan adierazten hasten da, entitate independiente bat bailitzan. Garapen hori aldi historiko luze batean zehar gertatzen da borroka mota guztien bitartez, zeintzuetan ez baituten gutxiengo aktibista konstzienteenek soilik parte hartzen, baita “prestakuntza politikorik gabeko masek” ere, zeintzuk gertakari handiak direla eta bizitza politikoko (eta baita sindikaleko ere) partehartzera aktiboki esnatzen diren.

 

Langileria bere interesak babesteko masa erakundeak antolatzen hasten da. Erakunde historiko hauek sindikatuak, kooperatibak eta langile alderdiak dira, gizarte zaharraren barruan gizarte berri baten haziaren ordezkari gisa. Klasea mobilizatzeko, antolatzeko, moldatzeko eta hezteko balio dute.

 

Burgesia txikiak ez bezala, arinkeria politiko izugarria ezaugarritzat duen klasea berau, langile klaseak bere fideltasun politikoa eta sindikala mantsoki aldatzen du. Langile batek ez du herraminta zahar bat botako honek erabilgarritasun praktiko bat izateari utzi badio ere; hau konpontzen saiatuko da balio ez duela ohartu arte. Era berean, proletalgoak bere osotasunean ez ditu bere erakunde tradizionalak erraz uzten hauek behin sortu ostean, baizik eta behin eta berriz saiatuko da hauek egiazko borroka organu bilakatzen. Hau ulertzen ez duenak oso zail izango du masengana zubi bat eraikitzeko. Leninek sakon-sakonetik ezagutzen zuen langile klasearen mobilizatzeko eta pentsatzeko modua. Obra hau honen adierazpen bikaina da.

 

KAPITALISMOAREN PRESIOAK

 

Proletalgoak historikoki sortu dituen erakundeak gizarte kapitalistaren barnean eratu dira eta kapitalismoaren presioetara beharturik daude, ekidin ezinezko deformazio burokratikoak sortuz. Borrokan zehar jaiotzen diren erakundeek degeneraziora jotzen dute masen presioa desagertzen denean. Presio hauek handitu egiten dira goraldi ekonomikoetako garaietan edota aldizkako boometan. Langileak ez dira borroka egiteagatik hasten borrokan. Burgesiak kontzesioak eta erreforma tenporalak egin ditzazkeen baldintzetan, langileek irteera indibidual bat bilatzera jotzen dute, “gogor lan eginez”, ordu extrak sartuz, etab. Kapitalismoaren presioek langile mugimenduko kupularengan dituzte ondorio latzgarrienak, eta langile erakundeen burokrazia oinarritik aldentzeko joera eta ideia burgesen eraginpean erortzekoa mila aldiz biderkatzen da langile klasearen presioa jaistean. Historikoki froga daitekeen legea da hau.

 

Kapitalistek kontzesioak eta erreformak eman ditzaketenean, langileen gehiengoak ez du mugimenduan aktiboki partehartzeko beharra ikusten. Honek zuzendaritzaren degenerazioa areagotzera eramaten du, masetatik eta alderdiaren baseetatik gehiago banatzen baita. Gradualki, ia antzeman ezin den modu batean, helburu iraultzaileak galtzen dira. Buruzagiak jarduera parlamentario edo sindikala egitearen errutinan sarturik ikusten dira. Printzipioak uztea justifikatzen duten teoriak aurkitzera iristen dira une jakin batean.

 

Hauxe da 1914aren aurretik eman zen goraldi kapitalistaren aldi hartan gertatu zena, Lehen Mundu Gerraren sarraskiarekin amaitu zelarik. Leninek azaltzen du ultraezkerkeria langile mugimenduak ordaintzen duen prezioa dela bere buruzagien oportunismoagatik. Lehen Mundu Gerraren aurretik anarkismoak langile eta gazteen zenbait sektoreren artean izan zuen arrakasta buruzagi sozialdemokraten degenerazio burokratiko-erreformistaren kontrako erreakzioa izan zen. Modu berean, Bigarren Mundu Gerraren osteko garaiean, ikasleen artean ideia ultraezkertiarrek izandako zabalkundea (terrorismoa –bakarkako borroka armatuaz ari da autorea-, anarkismoa, gerrillerismoa, nazionalismo erradikala) ezin da kapa honen burges-txiki mentalitateagatik azaldu (hori elementu konstantea da), baizik eta marxismoaren autoritate faltaren ondorio beldurgarria da, langile erakundeen eta SESBeko estalinismoaren degenerazio burokratiko eta erreformista zela eta. Leninek dio boltxebikeen lerrokatze iraultzaileagatik izan zela Errusian anarkismoaren eragina hain txikia. Baina Bigarren Mundu Gerraren ostean herrialde guztietako langile mugimenduen buruzagiek onartutako politika erreformistek gazteak uxatu eta anarkismoaren, sektarismoaren eta ultraezkerkeriaren irteerarik gabeko kalera bultzatzea eragin zuen.

 

MARX ETA ENGELS

 

Marxista batentzat, alderdi iraultzaile bat, lehenbizi programa bat, metodoak, ideiak eta tradizioak dira, eta bigarren lekuan soilik langileen kapa zabaletara ideia hauek eramateko erakundea eta aparatua (zalantzarik gabe bere garrantzia duena). Alderdi marxistak, hasieratik, teorian eta programan oinarritu behar du, langileen esperientzia historiko orokorraren laburpena dena berau.

 

Hau da lehen arazoa. Soilik lehen atala ordea. Bigarren atala konplexuagoa da. Nola iritsi langile masengana gure programa eta ideiekin? Ez da gauza erraza. Sektarioentzat, noski, ez dago arazorik honetarako. Nahikoa da Lenin aipatzea “alderdi iraultzaile independente baten” beharrari buruz. Soilik honelakoak edo halakoak garela aldarrikatuko dugu eta langileei deituko diegu gurekin elkar daitezen! Alderdi iraultzaile independiente bat sortzearen beharra ABCa da marxistentzat. Baina ABCaz gain letra gehiago ere badaude alfabetoan eta eskolan igarotako urte batzuen ostean lehen hiru letrak soilik errepikatzen dituen haurra ez litzateke oso argia kontsideratuko.

 

Sektarismoa, zentrismoa eta Laugarren Internazionala (1935) artikuluan Trotskyk modu honetan azaltzen ditu sektarioen ezaugarriak:

 

“Sektarioak gizartearen bizia eskola handi bat bezala ikusten du, bera bertako maisu dela. Bere ustez, langile klaseak alde batera utzi beharko lituzke garrantzi gutxiagoko gauzak eta bere tarimaren inguruan eseri beharko luke era ordenatuan. Orduan, eginkizuna amaitua legoke.

 

“Nahiz eta uneoro marxismoarengatik zin egiten duen, sektarioa materialismo dialektikoaren ukapen zuzena da, esperientzia abiapuntutzat hartzen duena eta beti bertara itzultzen dena. Sektario batek ez du programa amaitu baten eta masa borroka bizi baten arteko akzio eta erreakzio dialektikoa ulertzen, hau da, erlazio perfekturik gabe, erlazio amaitu gaberik gabe. Sektarismoa oldarkorra da dialektikarekiko (ez hitzetan soilik, baita ekintzetan ere) langile klasearen garapen errealari bizkarra ematen dion zentzuan” (Trotsky, Idatziak, 1935-36).

 

Mugimendu marxistaren sorrerako dokumentuan, Manifestu Komunistan, Marxek eta Engelsek azaltzen zuten:

 

“Komunistek ez dute langile klasearen beste alderdietatik aparte dagoen alderdi bat osatzen. Ez dute proletalgoaren interes orokorretik bereizten den interes propiorik.

 

“Ez dute langile mugimendua beraiek nahi bezala modelatzeko erakusten duen berezko printzipio sektariorik.

 

“Komunistak ez dira langile klasearen beste alderdietatik bereizten honetan izan ezik: 1) Herrialde ezberdinetako proletarioen borroka nazionaletan, behin eta berriz lehen lekuan jartzen dituzte proletalgo osoaren interes komunak, beraien nazionalitatea edozein dela ere. 2) Langile klasearen borrokak igaro behar dituen garapen fase ezberdinetan, beti eta edonon, mugimenduak osotasunean dituen interesak ordezkatzen dituzte.

 

“Beraz, komunistak, lehenbizi praktikan, herrialde bakoitzeko langile klaseen sektorerik aurrerakoienak eta ideia argienak dituztenak dira, besteak aurreraka bultzatzen dituen sektorea da: bigarrenik teorian, norabideen eta langile mugimenduak zein emaitza orokorretara jo behar duenari buruz ulermen garbia eta argia izateko abantaila dute, proletalgo masa handiak ez bezala”.

 

Sozialismo zientifikoaren gurasoek mugimendua errealitatean zen bezalakoxea hartzen zuten abiapuntutzat, eta taktika abilenak hartzen zituzten benetako masa mugimenduarekin elkartu eta mugimenduan marxismo iraultzailearen programa ereiteko. Honek, hasieran, mugimendu demokratikotik oso ezkerrera agertzea esan nahi zuen. Renaniako Gazeta Berriaren inguruan Marxek eginiko lana agitazio iraultzailearen eredu izan zen, lelo demokratiko aurrerakoienen aldeko borroka langile klasearen ikuspuntu independientearen defentsarenarekin konbinatuz.

 

Komunisten Liga, bere jaiotzetik, erakunde internazional bat izan zen. Hala ere, Langileen Nazioarteko Erakundearen (Lehen Internazionala) eraketak, 1864ean, aurrerapausu kualitatibo bat suposatu zuen. Lehen Internazionalaren eginkizun historikoa marxismo iraultzailearen oinarrizko printzipioak, programa, estrategia eta taktika nazioarte mailan ezartzea izan zen. Bestalde, sorreran, LNE ez zen Internazional Marxista bat, baizik eta erakunde erabat hetereogeneoa, sindikalista erreformista britainiarrak, proudhonista frantsesak, Mazziniren jarraitzaile italiarrak, anarkistak eta beste hainbat talde biltzen zituena. Printzipioen sendotasuna malgutasun taktikoarekin konbinatuz, pixkanaka-pixkanaka, Marxek eta Engelsek gehiengoa lortu zuten. Engelsi idatzitako gutun batean, Marxek taktu izugarriarekin jokatzea azaltzen zuen, batez ere tradeunionista britainiarren aurrejuzku edo prejuizioen aurka borrokatzeko. Esaldi oso egoki batean, Marxek bera “formetan malgua baina edukietan tinkoa” zela esan zuen. Esaldi honek marxistek langile erakunde erreformistetan egindako lanean duten jokaera laburtzen du.

 

LNEak Internazional iraultzaile baten oinarri teorikoak finkatzea lortu zuen. Baina ez zen inoiz langile masen Internazional bat izan. Errealitatean etorkizunaren aurrerapen bat izan zen. Parisko Komunaren porrotak eragin desorientatzailea izan zuen Lehen Internazionalaren indar ahulengan, krisian sartuz, bakuninisten (anarkisten) azpijokoek areagotua. Internazionala bakuninisten eskuetan eror ez zedin, Marxek eta Engelsek lehenbizi zentrua Amerikara eraman zuten eta ondoren disolbatzea erabaki zuten 1872an. Internazionalismoaren printzipioak defendatzen jarraitzen bazuten ere, denbora tarte batean Marx eta Engels nazioarteko erakunderik gabe egon ziren.

 

LENIN ETA BIGARREN INTERNAZIONALA

 
Internazional Sozialista (Bigarren Internazionala), 1889an sortua, Lehen Internazionalak utzitako lekutik abiatu zen. Hau ez bezala, Bigarren Internazionala masen Internazional moduan hasi zen, milioika langile batuz eta antolatuz. Masen alderdi eta sindikatuak izan zituen Alemanian, Frantzian, Britainia Handian, Belgikan, etab. Gainera, hitzetan behintzat, marxismo iraultzailearen printzipioak defendatu zituen. Honekin, sozialismoaren etorkizuna bermatua zegoela zirudien.


Bestalde, Bigarren Internazionalaren zorigaitza goraldi kapitalistaren denboraldi luze batean zehar sortu izana izan zen. Honek bere marka utzi zuen alderdi eta sindikatu sozialdemokratetako buruzagien pentsamoldean. Sozialdemokraziaren garai klasikoa 1871-1914 izan zen. Hazkunde ekonomikoko garai luze bat izan zela eta, kapitalismoak kontzesioak egin ahal izan zizkion langile klaseari, edo hobeto esanda, bere kapa gorenari. Sindikatuen indarra handitu egin zen, bitik hiru milioietara Alemanian eta Britainia Handian, 300.000 Frantzian, etab.


Orokorrean, erreformen garaia izan zen, ez iraultzarena. Salbuespenak izan ziren, 1905eko Errusiako Iraultza esaterako, baina hau ez zen garai haren izakera orokorra izan. Nahiz eta formetara mugatuz sozialismoaren ideietara hurbildu, praktikan, Frantziako, Alemaniako, Britainia Handiako eta beste herrialdetako buruzagi sozialdemokratak politika erreformistak aplikatzen ari ziren. Hau berehala isladatua izan zen Bernsteinen aforismo ezagunean: “Mugimendua dena da. Amaierako helburua ez da ezer.” 1914aren aurretik, Lenin, Trotsky, Liebknecht eta Luxemburgo sozialdemokratak ziren. Errealitatean, Bigarren Internazionalaren barnean egiazko politika marxista iraultzailea egin zedin borrokan ari ziren.


Hala ere, alderdi iraultzailearen papera benetan ulertu zuen bakarra Lenin izan zen. Trotsky bera ere, iraultza errusiarraren aurreikuspen egokiak egin bazituen ere, gai honetan nahasturik egon zen 1917 arte. Rosa Luxemburgo SPDren (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata) zuzendaritzaren politika erreformistaren aurkako borrokan nabarmendu zen iraultzailea izan zen, klasearen berezko mugimenduan eta greba orokorrean enfasia ipiniz. Berak Leninek baino hobeto ulertu zuen Kautskyren eta “ezker” alemana deiturikoen (errealitatean zentristak) papera, gehienbat gertuagotik ezagutzen zituelako. Leninek, hasiera batean, itxaropenak zituen Kautskyrengan eta “kautskista ortodoxotzat” definitu izan zuen bere burua ia-ia Lehen Mundu Gerrararte.


Baina soilik Leninek planteatu zuen alderdi marxista sendo eta tinko bat sistematikoki eratzea, 1912ko zatiketa bezalako mugetararaino iritsiz, Internazionalaren zatiketa baino bi urte lehenago. Halaber, hamar urte inguruko aldi batean zehar, boltxebikeak eta mentxebikeak alderdi bereko bi zati izan ziren: Langileen Alderdi Sozial Demokrata Errusiarrekoak, 1905etik langileria errusiarraren masa alderdia zena.

 

INTERNAZIONAL KOMUNISTA

 

“Hirugarren Internazionala zuzenean sortzen da gerra inperialistatik. Egia da lehendik ere tendentzia ezberdin asko Bigarren Internazionalaren barnean borrokan aritu izan zirela, baina ezkerrenean zeudenak berak ere, Leninek ordezkaturik, oraindik urrun zeuden langile klasearen batasun iraultzailea sozialdemokraziarekiko haustura osoarekin etorriko zela pentsatzeko. Langile alderdien degenerazio oportunista, mende aldaketan emandako kapitalismoaren loraldiarekin estuki lotua, gerrak honako auzi hau gordinki planteatu zuenean agertu zen azalera erabatean: Burgesia nazionalarekin edo honen aurka? Garapen politikoak ezusteko jauzia eman zuen 1914ean: Hegelen esaldia erabiliz, aldaketa kuantitatiboen pilaketak segituan izaera kualitatiboa hartu zuen” (Trotsky, Idatziak 1935-36).

 

Noiz sortu zen Hirugarren Internazionala? Itxuraz sinplea den galdera honek erantzun bat baino gehiago du. Zentzu batean, Internazionala 1914ean sortu zela esan daiteke, Leninek Internazionalarekin hautsi eta Internazional berri baten beharra aldarrikatu zuenean. “Sozialdemokrata” izena ere errefusatu zuen, berri batengatik aldatu behar zen “kamiseta zikin” izendatuz. Eta hala ere, Lenin, une hartan, erabat isolaturik zegoen. Trotskyren kalkuluaren arabera herbestean zeuden pare bat dozena inguru alderdikiderekin zegoen kontaktuan. Zimmerwalden 1915ean gerraren aurka zeuden sozialistek egindako Konferentzian, Leninek munduko internazionalista guztiak bi gurditan sartzen zirela esanez jo zuen adarra. Bestalde, internazionala izatez jada bazen, programa eta ideia bezala, 1914ean.

 

Dena dela, Internazional Komunistaren masa indarrak 1917-23ko gertakari handiak zirela eta osatu ziren. Kasu gehienetan, internazional berriaren masa alderdiak Bigarren Internazionaleko alderdi zaharretako banaketetatik sortu ziren. Sektek Leninek 1914-17 bitartean egindako idatziak aipatu ohi dituzte, Sozialdemokraziarekiko haustura erradikalaren beharra behin eta berriz tematurik defendatzen zituenekoak, “gorpu ustel” hori, Rosa Luxemburgok esan bezala.

 

“Baina Leninek erreformistekiko haustura bat hauen kontrako borrokaren nahitaezko ondorio bezala zuen buruan, ez salbazio ekintza baten moduan, denborarekiko eta lekuarekiko independenteki. Sozialpatriotekiko banaketa eskatzen zuen ez bere arima salbatzeko, baizik eta masak sozialpatriotismotik banatzeko” (Trotsky, Idatziak 1935-36).

 

Urriko Iraultzaren ostean, tendentzia komunistak sortu ziren alderdi sozialdemokrata zahar guztien barnean. Frantzian, komunistek Alderdi Sozialistaren gehiengoa lortu zuten Tourseko Kongresuan (1920). Zati eskuindarra 30000 kiderekin zatitu zen eta Alderdi Komunista 130000rekin eratu zen. Hala ere, buruzagi erreformista zaharrek oinarri bat mantendu zuten klasearen sektorerik atzeratuenen eta inerteenen artean. Alemaniako Sozialdemokratak 1917ko apirilean zatitu ziren, Kautskyk zuzendutako sektore zentristak Alderdi Sozial Demokrata Independentea sortu zuenean. Aldi berean, masen alderdi zentrista hau 1920ko urrian zatitu zen, Halleko Kongresuan. Gehiengoa espartakistekin bateratu zen Alemaniako Alderdi Komunista eraikitzeko, 21 egunkariko masa alderdi bat. Antzeko gertakariak eman ziren Txekoslovakian, Italian, Bulgarian, Norvegian eta beste hainbat herrialdeetan.

 

“EZKERREKO KOMUNISMOA”

 
Hirugarren Internazionala (Komunista) bere aurreko guztiak baino maila kualitatibo gorenago batean altxa zen. LNEk bere garapeneko une gorenean bezala, programa sozialista iraultzaile garbia defendatzen zuen, internazionalista. Beste behin, nazioarteko iraultzaren geroak esku honetan zegoela zirudien. Tamalez, lehen esan bezala, alderdi komunista berrien zuzendaritza gehienak gazte gaitugabeak ziren. Alderdi errusiarraren zuzendarien oinarri teorikoa eta esperientzia falta zuten. Akatsak burutu zituzten, lehen garaialdian gehienbat izaera ultraezkertiarrekoak.


Komiternaren Bigarren Kongresuan, Leninek eta Trotskyk ultraezkerkeriaren “haurtzaroko eritasunaren” aurkako erasoa jaurtiki zuten. Bigarren Kongresuaren Manifestuak, Trotskyk idatziak, zera dio:


“Internazional Komunista langile erreboltaren eta langile diktaduraren nazioarteko alderdia da. Ez du langile klasearenetik bereizten duen eginkizunik ezta aparteko helbururik ere. Sekta txikien nahiak, hauetako bakoitzak langile klasea bere erara salbatu nahi duelarik, zerikusirik gabeak eta kontrakoak dira Internazional Komunistaren espirituarekiko. Ez du edozein motatako panazearik ez formula magikorik, langile klasearen nazioarteko esperientzian oinarritzen da, oraingoan eta iraganekoan; esperientzia hori hankasartzeetatik eta desbideraketetatik garbitzen du; lortutako konkistak orokortzen ditu eta masa ekintzaren formula onartzen du soilik formula iraultzailetzat” (Trotsky, Internazional Komunistaren lehen bost urteak, 1. Bol, enfasia gurea da).


Dokumentu berak gehitzen du:


“Sindikatuetako erreformismoaren, kretinismo parlamentarioaren eta karrerismoaren aurka kuartelik gabeko borroka burutuz, Internazional Komunistak milioika lagun biltzen dituzten erakunde sindikaletako kideei hauek uzteko edota udal instituzio eta instituzio parlamentarioetan egiten den lanari bizkarra emateko eskatuz egiten diren deialdi sektarioak kondenatzen ditu aldi berean. Komunistak ez dira erreformistek eta patriotek engainatu eta traizionatzen dituzten masetatik banatzen, baizik eta masa erakundeen eta gizarte burgesak ezarritako erakundeen barnean adiskidetu ezinezko borroka bati ekiten diote, aipatu gizartea ahal besteko modu seguru eta azkarrenean ezabatzeko” (Ibid.).


Ultraezkerkeria, pazientzia ezaren eta esperientzia gabeziaren islada, Britainia Handiko, Alemaniako, Holandako eta Italiako buruzagi komunisten sektoreetan hedaturik zegoen. Deklarazio ohikoenak hauteskunde parlamentarioetarako eta sindikatu erreformistetako lanaren aurkakoak ziren, eta masen alderdi erreformistekiko jokabide sektarioa zuten. Leninek eta Trotskyk ideia hauei aurre egin zien Fronte Bakarraren taktika bultzatuz, langile sozialdemokraten masengana zubi bat eraikitzeko. Britainia Handiaren kasuan, urrutirago joan ziren eta Alderdi Komunista britainiarrak Alderdi Laboristan afiliatu behar zuela planteatu zuten.
Leninen
Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna “ezkertiarren” argudioei erantzuna emateko izan zen idatzia, sekten idatzietan behin eta berriz agertzen direnak berauek. Leninek langile aurrerakoienak masengandik banatzea krimen bat zela azaldu zuen eta mota honetako taktikek, burokrazia sindikala ahuldu beharrean, errealitatean hau indartzeko balio zutela:


“Sindikatu erreakzionarioetako lana errefusatzeak langile masak gutxiegi garaturik edota atzeraturik uztea esan nahi du, buruzagi erreakzionarioen, burgesiaren agenteen, langile aristokraziaren, edo ‘erabat burgestu diren langileen’ eraginpean geratuz.


‘Masei’ lagundu nahi badiezu eta ‘masen’ adeitasuna eta babesa lortu, ez duzu ‘buruzagien’ (zeintzuk oportunistak edo sozialtxobinistak izateagatik, kasu askotan, zuzenean edo zeharka burgesiarekin eta poliziarekin loturak dituzten) aldetik datozen zailtasun edo probokazioen, iseken eta jazarpenen beldur izan behar, baizik eta edozein kasutan masak dauden edozein lekutan egin behar duzu lana. Edozein sakrifiziorako gai behar duzu, oztopo handienak sahiesteko, propaganda eta agitazioa sistematikoki egiteko, etengabe eta ekinaren ekinez masa proletario eta erdiproletarioak dauden instituzio, sozietate eta elkargoetan” (Lenin, Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna, enfasia originalean).


Leninek, boltxebikeek Zubatov sindikatuetan ere, langileak ideia iraultzaileetatik urruntzeko polizia tsaristak sortutako sindikatuak berauek, lan ilegala egin zutela azaldu zuen.


Kominternaren Bigarren Kongresuak Alderdi Laboristaren auzia eztabaidatu zuen eta Alderdi Komunistari bertan afilia zedin aholkatzea erabaki zuen. Hau erretizentziarekin onartu zuen zuzendaritza britainiarrak, eta erabaki honen ezarpena hain modu sektarioetan burutu zuen ezen ezezko erantzun bat emango zutela zirudien. Pixkanaka-pixkanaka ultraezkerkeri hau zuzentzen joan zen, Alderdi Komunista gazteak Alderdi Laboristaren barnean oinarri esanguratsu bat eraikitzea ahalbidetu zuelarik. Leninek AK britainiar txikiari sindikatuetara eta Alderdi Laboristara zuzentzea aholkatu zion. Hauteskundeetan, hautagaiak eserleku seguru batzuetarako soilik aurkeztu zitzatela aholkatu zion Alderdiari, botoa elkarbanatzeko eta Toriek eta Liberalek irabazteko arriskurik ez zegoen lekuetan, eta hautagai laboristei babes kritikoa ematea beste eserleku guztietan:


“Gure hautagaiak erabat seguruak diren eserlekuetan aurkeztuko genituzke, hau da, gure hautagaiak liberalei, laboristen kontura, eserlekurik emango ez liekeen distrituetan. Kanpainan parte hartuko genuke, agitazio komunistako eskuorriak banatuz, eta hautagairik aurkeztuko ez genukeen hauteskunde-barrutietan, hautesleriari
hautagai laboristaren alde bozkatzeko eta hautagai burgesen aurka egiteko dei egingo genieke” (Ibid., enfasia gurea).

 

PARLAMENTUAREN AUZIA

 
Aurretik esan bezala, Internazional Komunistaren lehen urteetako buruzagi gazte eta esperientzia gabeek, ez zuten boltxebismoaren  eta Errusiako Iraultzaren  irakaspideak barneratzeko eta liseritzeko astirik izan. Leninen Estatua eta Iraultza eta lehen Mundu Gerra garaiko idatziak irakurriak zituzten eta gerra zibilari, Estatu burgesa zapaltzeko beharrari, erreformismoaren eta parlamentarismoaren kritikari, sozialdemokraziarekin elkartzeko zilegitasun ezari,
etab. buruzko leloak mekanikoki errepikatzeko gai ziren. Baina ez zuten irakurritakotik hitz bat bera ere ulertu. Ez zuten Leninen metodoa ulertzen. 1917tik bera hil arteko garaian Leninek beraiek zuzentzeko borroka egin zuen, modu erabat argian beraiek “ezkerra” baziren, bera “eskuina” zela ere adierazteraino.
“Ezkerreko” komunistek oportunismoak azpiraturikotzat hartzen zituzten Lenin eta Trotsky. Praktikan, beraiek defendatutako taktikak eta metodoak “Leninen eta Trotskyren ikuspuntutik asko aldentzen zirela” planteatzen zuten eta “internazionala ez dela inoiz bere misio historikoa betetzeko gai izango esan nahi” zuela horrek. Honen adierazpenik garbiena “ofentsibaren teoria” izan zen, AK alemaniarraren buruzagiek planteatua.
Honek 1921eko martxoko langile alemaniarren porrot odoltsua ekarri zuen, AK boterea hartzen saiatu zenean gehiengoa lortu baino lehen. Abenturerismo honek ez du zerikusirik Leninen ideiekin eta metodoekin. Boterearen auzia alderdi iraultzaileak gehiengo erabakigarri bat lortu duenean planteatzen da, ez langile klasearena soilik, baita burgesia txikiarena ere. Hau lortzeko nahitaezkoa da lan modu guztiak menderatzea, ekintza parlamentarioa barne.
Leninek jada azaldua zuen marxismoaren Estatuarekiko jarrera bai erreformistei nahiz anarkistei erantzuna emanez. Iraultza sozialistari buruzko Leninen oinarrizko jarrera Estatua eta Iraultzan dago azaldurik, non honako hau irakurri dezakegun:
“Marxen ideia langile klaseak “estatuaren makinaria” apurtu, zapaldu behar duela da, eta ez bere kontrola hartzera soilik mugatzea”.
Marxek langile klaseak ezin zuela jada existitzen zen botere estatalean oinarritu azaldu zuen, baizik eta garaitu eta suntsitu egin behar zuela. Hauxe da abecea marxista batentzat. Baina abecearen ondoren beste letra batzuk ere badaude alfabetoan. Estatua eta Iraultzan, Leninek iraultza sozialista aldaketa geldo, gradual eta baketsu bezala aurkezten zuten erreformistak egurkatu zituen. Baina Lenin bera izan zen 1920an Britainia Handian, proletalgoaren eta bere erakundeen botere erraldoia zela eta, eraldaketa sozialista baketsuki, Parlamentuaren bidez ere, eramatea posiblea izango zela segurtatu zuena, sindikatuak eta Alderdi Laborista marxistek zuzenduak egotearen baldintzarekin. Iraultzari buruzko Leninen jarrera zehatza eta dialektikoa zen, ez formalista eta abstraktua.

Haurtzaroko eritasunean Leninek 1905eko iraultzaren porrotaren ostean boltxebikeek egindako hankasartzearen aipua egiten du, hauteskunde parlamentarioen aurka boikot bat aurrera eraman baitzuten. 1905eko abenduko altxamenduaren hondamendiaren ostean, erregimen tsarista iraultza akabatzen saiatu zen errepresio eta kontzesio konbinazio batekin. 1906an zehar parlamentu bat (“Duma”) ezarri zen, egiazko botererik ez zuena eta hauteskunde sistema mugatu batek aukeratua. Dumaren izaera erreakzionarioa begibistakoa zen ez boltxebikeentzat bakarrik, baita aktibista sozialisten eta langile aurreratuen gehiengoarentzako ere. Mentxebikeek beraiek ere, hasiera batean, boikotaren alde egin zuten. Baina sektore aurreratuenen artean arnasten zen giroak ez zuen masen psikologia islatzen, ezta gutxiagorik ere. Azken hauentzat, Dumaren egiazko izaera ez zegoen argi. Itxaropen konstituzionalak oso indartsuak ziren nekazarien artean zehazki, parlamentuak aurrera eramandako erreformen bidez lurrak lortuko zituztela sinesten baitzuten. Kontrairaultzaren garaipenak eta mugimendu iraultzailearen beherakadak, nekazal guneetako eta hiriko burgesia txikiarentzat, eta langile klaseko kapa askorentzat, Duma hobekuntzaren bat lortzeko itxaropen bakarra zela adierazten zuen. Halako esperantzek oinarri bat ez izatea erdeinagarria zen.
Boltxebikeek hasiera batean ez zuten porrotaren tamaina ulertu eta Dumarako lehen hauteskundeak boikoteatzearen hankasartzea burutu zuten, Leninek azaltzen duen bezala. Jazoera frogagarria da langile klaseko kaparik aktiboen eta borrokalarienen artean arnasten den giroak ez duela zertan klasearen beste zatiak arnasten duenaren berdina.
Abangoardia klasetik aurreragi joan daiteke. Honelako hankasartzea klase borrokan taktika militarrean izan daitekeenaren adinakoa da. Gerran, abangoardiak azkarregi egiten badu aurrera, erretaguardiarekin kontaktua galduz, erabat agerian gelditzen da eta sarraskitua izateko arriskua du. Baieztapen hau langile borrokalarienek, pazientzia faltaren eraginpean langileen gehiengoaren egiazko egoera begibistatik galdu, edota beraien ulermen maila masek dutenarekin nahasten dutenean gertatzen diren egoerei aplikagarria da.
Internazional Komunistaren hegal ultraezkertiarrarekin izandako eztabaidetan, Lenin hegal hau hezten saiatu zen Alderdi Boltxebikearen esperientzia historikoa oinarritzat harturik. “Boltxebismoak bere existentziaren aldi osoan izandako historiak azal dezake soilik modu asegarri batean zergatik boltxebismoak baldintzarik zailenetan ere, proletalgoaren garaipena eskuratzeko beharrezko disziplina gogorra forjatu, eta mantendu ahal izan zuen” (Lenin, Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasuna).
Alderdi komunistek klasearen gehiengo erabakiorra biltzen ez zutela kontuan harturik, Leninek, masak irabazteko bide bezala, fronte bakarraren leloa, masa erakundeetan patxadazko lana egitearena eta parlamentu burgesetan parte hartzearena defendatu zituen.
Hauxe zen iraultza sozialistarako aurrebaldintza. Baina “ezkertiarrak” ez zeuden gustora. Leninek “masengana zuzentzeko” eginiko aholkua arbuiatu egin zuten mespretxuz, alderdi iraultzaile baten politika bakartzat “ofentsiba iraultzailea” hartuz. Leninek eta Trotskyk, 1921eko martxoan Alemania porrot odoltsu batetara eraman zuen “teoria” honen aurka egin zuten borroka euren indar guztiz. Hau izan zen joera ultraezkertiar baten muturreko adibidea, garai hartan oso zabaldurik zena eta mugimenduaren historian behin baino gehiago berpiztu dena. Beti izan zen Leninek eta Trotskyk erasotua, eta hauek baino lehenago baita Marxen eta Engelsen eskutik ere. Nahiz eta itxura “iraultzailea” izan, mota honetako jokabideak ez du ezer amankomunean boltxebismoaren egiazko metodoekin, honen karikatura abstraktu bat da soilik.
Leninek azaldu zuen masak irabazteko ez dela nahikoa erasotzen jakitearekin, era ordenatuan nola erretiratu, bira eman, desbideratu, maniobratu eta baldintza txarreko uneetan bataila nola ekidin ere jakin behar zela ere zioen. Boltxebismoaren historia guztia mota honetako taktika malguen eta abilen adibideez josirik dago Leninen idatzietan, eta Haurtzaroko eritasunean, laburbildurik islatzen den bezala.
Arau orokor moduan, parlamentuari eta hauteskunde parlamentarioei boikota egiteko onargarria den inguruabar bakarra,
mugimendu iraultzailea sistema parlamentario burgesa zerbait hobeagatik aldatzeko baldintzetan aurkitzen den unea da. Ez dago dudarik langile kontseiluen (sobieten) bidezko gobernu sobietarraren jatorrizko gobernua, langile errusiarrek Urriko Iraultzaren ostean ezarria, historiako parlamentu demokratikoena baino demokratikoagoa zela. Baina egoera honetan aurkitzen ez bazara, gutxiengoan bazaude, une horretan marxistentzat beharrezkoa da parlamentuan esku hartzea eta gehiengoa lortzeko borroka egitea. “Antidemokratiko” deitzen diguten haiei erantzuten diegu: “Justu alderantziz. Guk eskubide demokratikoen alde egiten dugu borroka. Burgesia da demokrazia murriztu eta abolitu nahi duena langile klasea bere diktadurarentzat mehatxu bezala ikusten duen unean. Gure aldetik, hauteskundeetan eta parlamentuan parte hartuko dugu, eta gehiengoa lortzen saiatuko gara bide baketsuekin. Baina errealistak ere bagara eta ikasia dugu zuek, bankariak eta monopolistak, ez zaretela ezeren aurrean geldi geratuko zuen boterea eta pribilegioak defendatzeko”.
Lenin eta boltxebikeak ez ziren ez parlamentario ergelak ez anarkistak ere. Iraultza sozialista aurrera eraman ahal izateko lehendabizi masak lortzea beharrezkoa zela ulertu zuten. Honexegatik, lan iraultzailea egiteko aukera guztiak erabiltzen ikasi zuten. Orokorrean, ez zuten fetitxerik, ez erreformisten fetitxe parlamentariorik, zeintzuek dena ekintza parlamentariora mugatu daitekeela uste duten, ezta anarkisten fetitxe antiparlamentariorik ere, zeintzuek parlamentuan egoera edozein dela ere parte hartu behar ez dela esaten duten. Azken jokabide honek, boltxebikeak existentzia sektario batetara kondenatuko zituen zituzkeen. Parlamentua eta hauteskundeak, alternatiba hobe bat eskeintzeko baldintzetan ez zaudenean, boikoteatzea, norbere burua boikoteatzearen berdina da.
Urriko Iraultza baino lehen denbora luzez, boltxebikeek parlamentu tsarista erreakzionarioenetan ere parte hartu zuten, 1917ko iraultza aurrera eramango zuten masen indarrak biltzeko bide bezala. Parlamentuaren erabilera iraultzaile hau gabe, legezko eta legez kanpoko borroka metodoak erabiliz, boltxebikeek ez zuten inoiz lortuko langile klase errusiarraren indar erabakigarria bilakatzerik.

 

‘HIRUGARREN ALDIA’

 

Alderdi komunisten gehiengoa, azkenean, Leninen politikaren zuzentasunaz jabetu zen, eta denbora batez, honen aplikazioarekin, emaitza benetan onak lortu zituzten. Adibidez, AK britainiarrak Alderdi Laboristan ohiartzun garrantzitsua izatea lortu zuen eta parlamentu britainiarrean, 20ko hamarkadan, diputatuak izatea ere lortu zuen.  Alderdi komunistak langile sozialdemokratengana bidea irekitzen hasi ziren leku guztietan eta Leninen taktika mantendu izan bazuten, iraultzaren arrakasta bermaturik zegokeen. Baina Sobiet Batasunaren degenerazio estalinistak triskantzak egin zituen kanpoko alderdi komunistetako zuzendaritza heldugabeetan. Burokrazia errusiarraren zig-zag ultraezkertiarrek “hirugarren aldiaren” eta “sozialfaxismoaren” politika ekarri zuten, Komiternean zoritxarrezko ondorioak eraginez.

 

Emaitza tamalgarriena Alemanian gertatu zen, non 30. hamarkadaren hasierako krisi sozial eta ekonomiko sakonak gizartearen muturreko polarizazio bat ekarri baitzuen ezkerrera eta eskuinera. 1932an, Alemaniako langabezia bost milioiera iritsi zen, soldaten eta langabezia sorospenen erortze handi bat gertatuz. Iraultza sozialarekiko beldurragatik, kapitalista alemaniarrak Hitlerri dirulaguntzak ematen hasi ziren. Hala ere, langile alemaniarren gehiengo handiak euren erakundeei fidelak izaten jarraitzen zuen -Alderdi Sozial Demokratari eta Alderdi Komunistari-. Alderdi hauek milioika boto zituzten. Masa sindikatuak izateaz gain, milioi bat pertsona biltzen zituzten ongi armatutako miliziak zituzten. Halaber, beharrezko zirenean, ez atzera ez aurrera geratu ziren. Hitlerrek harro sentitzeko aukera izan zuen 1933an, “kristal bat bera ere apurtu gabe”, boterera iristeagatik.

 

Aldi honetan zehar, Trotskyk behin eta berriro eskatu zien Alemaniako komunistei eta sozialdemokratei nazien aurkako fronte bakarra era zezaten. Stalinek eta Komiternak defendatutako bideari jarraiki, Alemaniako Alderdi Komunistako buruzagiek langile mugimendua zatikatu zuten, sozialdemokratei “sozialfaxista” deitura ezarriz. Trotskyk Alderdi Komunistako kideei eginiko aholkuak hondorik gabeko zakuan erori ziren. Langile klase alemaniarra erdibiturik zegoen. AK alemaniarreko buruzagiek “jipoitu Scheidemann txikiak eskoletan” bezalako aldarrikapenak jaurti zituzten, AKko kideen semeak sozialdemokraten semeak erasotzera gonbidatuz! 1931n, naziek Prusiako gobernu sozialdemokrata eraisteko erreferendum bat antolatu zutenean, estalinistak eurekin bat egin zuten, “erreferendum gorria” bezala bataiatuz. “Sozialfaxismoaren” politika kaltegarriak nazismoaren garaipena eta langile erakundeen suntsipen orokorra eman zituen fruitutzat Alemanian.

 

Beste herrialdeetan ere antzeko erokeriak aplikatu ziren. Britainia Handian, AKk fronte bakarraren politika alde batera utzi zuen. Bertako Harry Pollit buruzagiak, Alderdi Laboristako kide izatea “greba bat hausteko adinako krimena egitea” bezalakoa zela azaldu zuen. Ondorioz, BHAKk aurreko aldian irabazitako babes ia osoa galdu zuen. Espainian, Espainiako AK mila militantera murrizturik geratu zen 1930ean.

 

Hitlerren garaipena Alemanian inflexio puntu kualitatibo bat izan zen. Stalinek ez zuen nahi Hitlerrek irabaz zezan, 1925-27ko Txinako Iraultza garaitua izan zedin nahi ez zuen bezala, baina bi kasuetan, berak erabilitako politikak, ezinbesteko egin zituen bi porrotak. Trotskyk, Hitlerren garaipenak, zeina Moskuren politika oinarritzat hartuz aurrikusia baitzuen, alderdi komunistetan krisia sortuko zuela aurreratu zuen. Baina 1933an Komiternaren estalinizazio prozesua halako puntura iritsia zen ezen alderdietako barne bizitza itota baitzegoen. Ez zen krisirik egon, ekaitz txikiren bat ez besterik, historia osoan langile klaseak izandako porrot handienaren ostean. Ez zen ikasgairik atera. Alderantziz, buruzagi estalinistek Hitler Alemaniako iraultzaren preludioa zela planteatu zuten: “Hitlerren ostean gure txanda da!”. Trotskyk, honelako porrot baten aurrean zer egin ez zekien Internazional bat, hilik zegoela ondorioztatu zuen.

 

Denboran aurrera, Stalinen aginduak jarraituz, Internazional Komunistak 180 graduko bira eman zuen eta “Fronte Popularraren” politika hartu zuen. Honek ez zuen zerikusirik langileen fronte bakarraren politika leninistarekin, jada errefusatuak izandako mentxebismoaren politika zaharretara buelta bat ordezkatzen zuen, liberal burgesekin klase arteko kolaborazioan oinarrituz. Honek porrot gehiagotara eraman zuen, batez ere Espainian. 1943an, Stalinek, Internazional Komunista zinikoki Moskuren kanpo politikarako instrumentu bezala erabili ostean, lurperatu egin zuen besterik gabe, horretarako Kongresurik ere deitu gabe. Leninen oinordekotza politikoak eta antolatzaileak golpe galanta jaso zuen aldi historiko oso batean zehar.

 

Errusiako burokrazia estalinistaren aldetik Leninen ideiek jasandako traizioak, langile mugimenduaren historia osoko traizio handienak, orain bere ondorio logikoenera eraman du: Sobiet Batasunaren suntsipenera eta kapitalismoruntz joateko kasta burokratiko buruzagiaren saiakera. Baina hau ez da azken hitza izango. Errusian leherketa sozial bat prestatzen ari da, etorkizun ez oso urrun baterako seguraski, eta eguneko ordenean ipiniko du 1917ko tradizioetarako itzulera. Mundu mailan, kapitalismoaren krisia aldi ezegonkor batean sartzen ari da. Indonesiako iraultza hurrengo hilabeteetan eta urteetan garatuko den drama baten lehen atala besterik ez da eta Europan nahiz Iparramerikan bere adierazpidea aurkituko du.

 

ERREFORMISMOAREN KRISIA

 

Gaur egun, bere argitalpenetik ia 80 urtera, Haurtzaroko eritasunak masak lortzeko marxismoaren teoriaren eta praktikaren oinarrizko zutarri bat izaten jarraitzen du. Bigarren Mundu Gerraren osteko eskuineko erreformismoaren itxurazko bizitasuna, herrialde kapitalista aurreratuetan behinik behin, kapitalismoa hedapen fase luze batean zehar igaro izanaren adierazpen soila izan zen, Lehen Mundu Gerraren aurreko hogei urteetan gertatu bezala. Baina fase hau bere amaierara iritsi da. Asiako krisiak, kapitalismo japoniarraren agonia luzeak eta Estatu Batuetan prestatzen ari den baloreen burtsaren ezinbesteko kolapsoak, aldi berri eta egonkortasunik gabe bat iragartzen dute mundu mailan. Baldintza hauetan, milioika pertsonen kontzientzia eraldatu egingo da.

 

Kapitalismoaren krisi konbultsiboko baldintzenpean, ezinezkoa da langile klasearen masa erakunde tradizionalak horren eraginpetik at izatea. Klaseen arteko polarizaziorako joerak, ezinbestean, bere isla du eskuinerako eta ezkerrerako polarizazioa gertatzen ari den alderdi sozialistetan, barne ezegonkortasunak, krisiak eta zatiketak ekarriz. Puntu bateraino iritsita, prozesu honek masen korronte erreformista ezkertiarrak edo zentristak ematen ditu. Marxistontzat, “zentrista” adiera ez da irain bat, eduki zientifikoa duen hitz bat baizik, ezkerreko erreformismoaren eta marxismo iraultzailearen artean aurkituko litzatekeen tendentzia bat adierazten duena. 1917tik 1923ra bitarteko aldi iraultzailean masen korronte zentristak sortu ziren Bigarren Internazionaleko alderdi gehienetan, Internazional Komunistako masa alderdien eraketarako oinarriak ezarriz.

 

Une hartan, Urriko Iraultza bezalako erakarpen polo boteretsu bat izateak langileria aurreratuaren kantitate handi bat marxismo iraultzailearen banderarako irabaztea suposatu zuen. 20. hamarkadaren lehen urteetan, langile sozialdemokratengana iristeko arazoa Leninen fronte bakarraren politikarekin ebatzi zen. Taktika honek, “bereizita joan, baina batera jo” esaldiarekin laburtu daitekeena, komunistei erakunde erreformisten oinarrietara zubiak eraikitzea ahalbidetu zuen.

 

Krisi sozial orokortu bateko baldintzetan, eskuineko erreformismoa krisian sartzen da, erreformetatik kontraerreformetara igaroz. Baldintza hauetan, ezinbestekoak dira krisiak eta zatiketak alderdi erreformistetan, aldi berean korronte zentristak eta ezkerreko erreformistak sortzen direlarik:

 

“Ikuspuntu historiko batetik, erreformismoak guztiz galdu du bere oinarri soziala. Erreformarik gabe ez dago erreformismorik, kapitalismo oparorik gabe ez dago erreformarik. Erreformisten eskuineko hegoa antierreformista bilakatzen da, burgesiari langile klasearen konkista zaharrak, zuzenean edo zeharka, zapaltzen laguntzen dion zentzuan”. (Trotsky, Idatziak, 1933-34.)

 

LENINISMOA ETA PROLETALGOAREN ETORKIZUNA

 

Ia Bigarren Mundu Gerraren osteko aldi guztian zehar, sozialdemokrazia eskuineko hegalaren menpe egon zen. Honek, hein batean, marxismoaren autoritate moralaren eta politikoaren kolapsoa islatzen zuen, baina batez ere egoera objetiboaren adierazpena zen eta baita erreformismoak funtzionatzen zuela zirudien jazoerarena ere. Estatu espainiarrean bertan, Felipe Gonzalezen PSOEren gobernua, langile klasearen mobilizazioek presionaturik, zenbait kontzesio egitera beharturik ikusi zen, 1982-90eko boomari eta Europear Batasunaren diru laguntzei esker. Baina PSOEren porrota eta kapitalismoaren krisiaren garapena egoera mantsoki aldatzen hasten ari dira. Gobernuan aldi luze bat egon ondoren, PSOE ia-ia hutsik dago. Langileen mugimendu garrantzitsu bat eman baino lehenago ere, zuzendaritzan zatiketak gertatzen ari dira. Borrellen ezusteko garaipena oinarriek duten gorrotoaren adierazpide da muturreko eskuinaren aurka, “berriztatzaileen” aurka, zeintzuek sozialismoarekin eta langile klasearekin loturak hautsi eta PSOE alderdi burges batean bilakatu nahi baitute modu ireki batean. Momentuz, PSOEren zuzendaritzako zatiketa, burokraziaren zati desberdinen arteko gatazka bat bezala ageri da, eduki politiko gutxi edo bat ere ez duena. Baina hau azkartasunez eralda daiteke. Une jakin batean, muturreko eskuina osatzen dutenak, Gonzalez bezalakoak, alderditik at joan daitezke, ezkerrerako biraketa garrantzitsu bati lekua prestatuz.

 

PSOEren eskuineko politikak Gonzalezen gobernuaren hondamena eta Aznarren hautaketa ekarri zuen. Honek Ezker Batuari eta Alderdi Komunistari emaniko babesean goraldiren bat eragin beharko zukeen. Baina beharrezko aurrebaldintza da EB PSOEtik bereiziko lukeen politika marxista bat hartzea, aldi berean Aznarren aurka egiteko Alderdi Sozialistari fronte amankomun bat eskeiniz. Hauxe da egiazko alternatiba sozialista baten bila dabiltzan langile masak irabazteko modu bakarra.

 

Oraingo baldintzetan, sindikatuetako lanak berebiziko garrantzia hartu du. Baina Trotskyk bere azkeneko artikuluetako batean azaldu zuen bezala, inperialismoaren garaian, buruzagi sindikalek Estatu burgesarekin fusionatzeko joera organikoa dute. Ez litzaieke ezer gehiago gustatuko buruzagi sindikal espainiarrei, bai UGTkoei eta bai CCOOkoei, Aznarrekin hitzarmen iraunkor bat egitea baino, eta hau, Gutierrez CCOOko eskuineko buruzagiaren kasuan egia da. Saiakera hauek guztiak porrotera beharturik daude ordea. Azken aldian zuzendaritza sindikalek PPrekin akordio ugari sinatu badituzte ere, hau ez da betirako izango. Bake sozialaren eta desmobilizazioaren politika hautsi egingo da klase arteko gatazka baten aldi berri bat irekiz. Langile espainiarren adore iraultzailea argi eta garbi geratu zen 1988ko abenduaren 14ko 24 orduko greba orokorrean. Hau hurrengo urteetan gertatuko denaren entsegu soila izan zen.

 

Denboraldi batean zehar, Estatu espainiarrak hazkuntza tasa erlatiboki altua lortu du. Baina hazkuntza honek egoera erreala desitxuratzen du. Ondorengo errezesioak Espainia gogorrago kolpatuko du Europaren beste zati osoa baino, kapitalismo espainiarraren ahultasuna agerian utziz. Gertakari hau klabea da historia espainiarraren hurrengo kapitulurako. Buruzagi sindikalak, gogoz kontra, oposiziora igarotzera beharturik ikusiko dira, erradikalizazio fase berri bati bidea irekiz. Baldintza hauetan, marxismoaren ideienganako babesa hazi egingo da langile aurreratuen eta gazteriaren artean. Beharrezkoa da belaunaldi berriak marxismoaren ideiekin, metodoekin eta tradizioekin armatzea, egoeraz balia daitezen eta gizartearen eraldaketa sozialista aurrera eramateko gai den masa mugimendu bat eraiki dezaten. Horretarako nahita ezkoa da Leninen Ezkerkeria, komunismoaren haurtzaroko eritasunaren ezagutza sakon bat.

 

Alan Woods

Londres, 1998ko uztailaren 27a

 

 

 

 

 

 

 

 

Informazio gehigarria