Ikasle Greba orokorra azaroaren 14an!

Emakumeen aurkako indarkeriarik ez!

Justizia matxistarik ez!

Heziketa sexual inklusiboa hezkuntza publikoan!

A14 kartela

Iazko ikasturtean milioika emakume langilek, gaztek eta ikaslek kaleak bete genituen. Kolpe latza eman genien gure aurkako indarkeria babestu eta justifikatzen duten guztiei eta gure gorputzen eta eskubideen aurkako eraso sistematiko sustatzen duen sistema honi, kapitalismoari eta patriarkatuari. Gure ondoan izan genituen milaka kide gizonezko ere, gurekin manifestazioetan eta grebetan parte hartzen, modu aktiboan gure aldarrikapen bidezkoak babesten. Martxoaren 8ko greba feminista historikoa lehenik eta, ondoren, La Manadaren epai lotsagarriaren aurkako mobilizazioak, Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariak plataformak deitutako maiatzaren 10eko greba nabarmenduz, salto ikaragarria izan dira.

Mugimendu feminista masibo hau familia apalenetako emakumeak bereziki kolpatzen dituzten murrizketen politiken aurkako leherketa da, bortxatzaileak babestu eta biktimak zigortzen dituen estatu patriarkala, klasista eta frankistaren aurkakoa, poltsikoak betetzeko eta pribilegioak mantentzeko zapaltzen gaituen sistema kapitalistaren aurkakoa.

Kanpora matxismoa gure ikasgeletatik! Heziketa sexual inklusiboa hezkuntza publikoan, orain!

Bortxatzaileen eta erasotzaileen inpunitatea beldurgarria da, baina matxismoaren eta sexismoaren aurkako borroka hezkuntza sistemarena ere bada. Behin eta berriz esan izan zaigu gobernu berria “Europako feministena” dela, baina benetan ez da sufritzen dugun errealitatearen aurkako neurririk hartu.

Hezkuntzan, urtero milaka milioi euro ematen zaizkio diru publikotik matxismoan, homofobian, transfobian doktrinatzen eta abortuaren aurkako kanpaina egiten duen Eliza Katolikoaren hierarkiari. Eliza katoliko horrek berberak milaka salaketa jaso ditu pederastiagatik eta adin txikikoen aurkako bortxaketa higuingarriengatik, eta mundu osoko ehunka kargu daude zipriztinduta. Areago, Elizak krimen horiek ezkutatu ditu. Hori gutxi ez eta gainera Erlijioa ikasgai ebaluagarria izatea eta beka lortzeko balio izatea jasan behar dugu, eta ez dago indarkeria sexistari eta aurreiritziei aurre egingo dien hezkuntza sexualaren arrastorik.

Greba honek helburu garbi eta zehatzak ditu: Pedro Sánchezi eta Hezkuntza ministroari eskatzen diegu ez dezatela beste aldera begiratu eta egoera errotik alda dezatela. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan hezkuntza sexual inklusiboko ikasgai bat, ebaluagarria eta beharrezkoa, egon dadin eskatzen dugu, ikastetxe publiko eta pribatuetan, gure generoa, orientazio sexuala edo nortasuna zeinahi dela ere, nahi duguna izan gaitezen. Eta ikasgai horrek balio dezala tratu txarren aurka, bortxaketaren kulturaren, homofobiaren eta transfobiaren aurka hezteko, garbi uzteko gure gorputza gurea dela eta inork ezin duela gugatik erabaki.

Sententzia matxistak, inpunitaterik ez!

Borroka feminista izan da mobilizazio sozialaren fronte nabarmenetako bat Rajoy gobernutik botatzeko. Ez da kasualitatea PSOEren gobernuak feminismoaren bandera bere egitea. Halere, “feminismo” mota hori atzean geratu zen La Manadako bortxatzaileek behin-behineko askatasuna lortu zutenean. Orduan entzun behar izan genuen orain ministro diren emakumeen ahotik epaileen erabakia onartzen zutela eta ezin zutela justizia patriarkal honen eraso hartan muturra sartu.

Gure ustez, La Manadako kideen sententzia sinatu zuten epaileak, Juana Rivas kondenatu zutenek edo Murtziako, Kanarietako, Bartzelonako eta beste hainbat lekutako beste “Manadetako” kideak libre uzten dituzten epaileak gure aurkako jazarpena mantentzeko eta zapaltzaileen inpunitatea bermatzeko diseinatuta dagoen justiziaren zutabe dira. Emakume Aske eta Borrokalariak plataformak beti eskatu du eta hala egiten jarraituko du: Gobernuak judikaturako elementu horiek kanporatzea bultzatu behar du, eta neurri legalak hartu behar ditu gure aurkako neurriak sustatzen dituzten epaileen aurka.

Azaroaren 14an gelak hustuko ditugu, kaleak betetzeko!

Gure mugimenduaren ikasgai baliotsuenetako bat izan da erakustea eskubideak kalean konkistatzen direla, masiboki borrokatuta, parlamentuan legeak idatzi baino lehen. Hori dela eta, Emakume Aske eta Borrokalariak plataformak eta Ikasle Sindikatuak ikasle greba orokorra eta manifestazio jendetsuetara deitzen dugu, datorren azaroaren 14rako estatu osoan. Gazteriari dei egiten diogu ikasgelak hustutzeko eta kaleak betetzeko, eta argi uzteko errespetua eta duintasuna nahi ditugula, bortxaketen, abusuen eta umilazioen politikari bukaera jarri nahi diogula. Ez ditugu hitzak nahi, ekintzak nahi ditugu! Kanpora matxismoa gure ikasgeletatik, judikaturatik eta erakundeetatik!

Kanpora justizia patriarkala eta bortxaketaren kultura

Gure eskubideen, bizitzaren eta gorputzen alde!

Hezkuntza sexual inklusiboa hezkuntza sisteman!

Informazio gehigarria