Kolpe frankista Kataluniako herriaren aurka

Greba Orokorra lehenbailehen!

Preso politikoak askatu! Langileen eta gazteriaren Kataluniako errepublikaren alde!

78ko erregimen autoritarioak, bere estatu aparatuak eta hori sostengatzen duen alderdiek (PP, Ciudadanos, PSOEko buruzagiekin batera) kolpe berri bat eman dute Katalunian demokraziaren eta askatasunen aurka. Independentismoaren aurka kausa orokorra ireki da, diktadura frankistak “errepublikaren eta komunismoaren aurka” ireki zuenaren eredua jarraituz. Autonomia katalana baliogabetu da, Carles Puigdemont atxilotu dute eta 25 buru independentista auziperatu dira, horietako asko kartzelaratuz, epaiketarik eta fidantzarik gabe.

Ez dago zalantzarik: bloke monarkiko espainolistak ez ditu onartzen Abenduaren 21ko hauteskundeen emaitzak eta prest dago, kosta ahala kosta, herri katalanaren aspirazio errepublikarra zapaltzeko. Katalunia salbuespen egoera frankista baten menpe dago.

Ordu erabakigarri hauetan, erregimen autoritario honekin konprometiturik ez dagoen ezker politiko eta sindikal guztiak ahalik eta mobilizazio indartsuena eta batuena bultzatu behar du. Ez dira nahikoa deklarazioak eta komunikatuak, eta askoz  gutxiago “elkarrizketarako” deialdiak, diktaduraren zulora eraman nahi gaituen gobernu baten aurrean. Greba orokorra deitu behar da berehala Katalunian preso politikoen askapena, 155a amaitzea eta errepublika exigituz. Eta Euskal Herriko nahiz gainontzeko Estatuko langileek eta gazteek herri katalana babesteko betebeharra dugu, gure indarrak euren indarrekin elkartuz, behin betikoz Rajoyen gobernua eraisteko.

Katalunia ia diktadura baten menpe

Gazteriak eta Kataluniako herriak indartsu erantzun du Estatuaren eta Llanera epailearen probokazio errepresiboen aurrean. Jordi Turull (Generalitateko president izateko azken hautagaia), Carme Forcadell, Marta Roviraren herbestea eta Alemanian Carles Puigdemont atxilotzeak ehunka milaka atera ditu kalera, batez ere Errepublika Defendatzeko Komiteek (CDR) eginiko deia jarraituz. Jendetzaren aurka diskriminaziorik gabe kargatu duten Mossoen erantzun bortitzaren gainetik, manifestazioak eredugarriak izan ziren eta ‘Libertat presos politics’ eta ‘Vaga general’ izugarrizko grinez eta indarrez oihukatzen ziren.

Begi bistakoa da PPren gobernuak eta estatu aparatuak aurrerantz itsuan ihes egitera erabaki dutela, herri oso bati mozala ezartzeko. Pentsiodunen protesta masiboek eta pasa den martxoaren 8ko greba orokorrak Rajoy jauna kinka larrian ezarri dute. Geroz eta zailagoa zaio geroz eta handiagoa den eta eztanda sozial berri bat bihurtu daitekeen saminari aurre egitea. Gainera, hauteskunde sondeoek aurreikuspen okerrenak erakusten dituztenean, prest dago Albert Riveraren eta Ciudadanosen presioari nola-hala aurre egiteko. Ihes egiteko modua, eta hauteskundeetako babesa berreskuratzeko modua, berriz herri katalanaren aurka egitea da, nazionalismo espainolistaren karta jokatuz ahalik eta gehien. Baina estrategia honetan, kalkuluak oso gaizki atera daitezke.

Estatu paratuak eta PPek diseinaturiko iruzur judiziala urriaren 1eko erreferendumean demokratikoki adierazitako borondatea zapaltzeko erabilia izaten ari da (2.100.000 bozka eman zituena errepublika katalanaren alde, Catalunyako Estatutak 2006eko erreferendumean lortu zuena baino gehiago). Horretaz gain, A-21eko hauteskundeetako emaitzak indargabetzeko ere erabiltzen ari dira, PPrentzat kolpe handia izan zena eta gehiengo absolutua eman ziona berriz independentismoari.

Iruzur judizial hau Estatuko Fiskal Orokorraren kereilarekin hasi zen urriaren 30ean, urriaren 1eko mobilizazio demokratiko izugarri hura eta Catalunya gelditu zuen greba orokorra “altxamendu biolento” gisa hartuz, “errebolta eta sedizio” delitu izateko aukera planteatu zuenen. Maza fiskala lehenik, Lamela epaileak ondoren eta Llanera epailea orain iritsi den muturreko argumentuak Catalunyako herriaren masen mobilizazioak alderatzen ditu 1981eko Otsailaren 23an eskuan pistola zuela parlamentu espainiarra asaltatu zuen kolpe faxistarekin edota atentatu terroristekin eta hiltzaileek eta mafiosoek egindako krimenekin. Horrela funtsatu dute juridikoki Jordiak, Governeko consellersak, Puigdemont barne espetxeratzeko autuak, Parlamentera hautetsiriko diputatu gisa joateko eta Generalitatea presiditzeko proposatuak izateko eskubidea ukatuz. Kolpe batez, herri katalanaren subirautza erabat ezabatua izan da.

Atxiloketak agintzeko Llanera epaileak erabilitako argumentuak hain izugarriak dira ezen, ONUko Giza Eskubideen Komiteak eta Amnistia Internazionalak gehiegikeria hori salatu behar izan dutela. Nork erabili ditu armak eta biolentzia Catalunyan? Erantzuna denok dakigu: 78ko erregimenak, bere gobernuak eta Estatuak, 10.000 polizia eta guardia zibil baino gehiago bidali zituzten, bozka eskubidea modu baketsuan gauzatzen genuen milioika pertsona modu basatian kolpatzeko.

Ofentsiba hau ez da Kataluniaren aurkakoa bakarrik. Adierazpen askatasunaren eta eskubide demokratikoen aurkako erasoak gainontzeko Estatu guztira zabaldu dira. Artistak, raperoak eta tuiteroak kartzelaratuak izaten ikusi ditugu erregea kritikatzeagatik, AVEa lurperatzen kontra Murtziako manifestarien aurkako errepresio basatia, Mozal Legearen ondorioz ezkerreko ekintzaileen aurka dauden prozesu eta kereila guztiak edo gorroto delituaren aitzakia erabilita. Aldiz, eraso faxistak, ehun milaka emakume erailtzen duen biolentzia matxista, eta PPko eta erregimeneko politikarien ustelkeriak inpunitate osoa dute.

Ezker Batuko, Podemoseko eta sindikatuetako buruzagien ardura

CCOO eta UGTko buruzagiek Catalunyan eta estatu mailan, ibilbide autoritario hau gelditzeko mobilizazioak deitzeari uko eginez, arnas baliogarria eman diote PPren gobernuari eta praktikan 155aren aplikazioa abalatu dute.

Langile klase katalanaren eta estatu mailakoaren artean egiazko sena dago PPren eskutik ezin duela ezer onik etorri pentsatzen duena. Baina kanpaina espainolistak nahasmena sortu du, lehenik eta behin blokean PSOEko buruzagiak daudelako, eta baita iraganean “komunistak” definitzen ziren hainbat ere, Paco Frutosen moduan, PCEko idazkari orokor ohia. Orain bandera rojigualda astintzen du modu patetikoan. Horien guztien ardura erreakzioaren errepresio lanak erraztean ikaragarria da.

Ezker Batuko eta Podemoseko zuzendaritzatik ere politika okerra mantendu dute, nahasmen hau elikatu eta eskuinari maniobratzeko tartea zabaldu diona. Alberto Garzonek errepresioa erabiltzen duen eta 155a aplikatzen duen Estatua, eskubide demokratikoen alde eta errepublika bat nahi duen herriarekin alderatu du. Garzonek preso politikoak egotea ukatu du, masa katalanen borroka elite ekonomikoen “maniobra” gisa kalifikatu du, hain zuzen ere burgesia katalana espainiarrarekin eta estatu aparatuarekin aritu denean mugimendua zapaltzeko. Garzon posizio marxista eta iraultzaile baten kontrako muturrean dago.

Pablo Iglesiasek ere uko egin dio autodeterminazioaren eta errepublika katalanaren aldeko mugimenduaren aurrean jartzeari. Borrokatzen duen herri bati “faxismoa esnatzea” egotzi dio eta behin eta berriz esaten jarraitzen du beharrezkoa dela Estatuarekin eta PPrekin “erreferendum” bat ituntzea erabakitzeko eskubidea posible egiteko. Akaso Pablo Iglesias ez al da ohartzen ofentsiba errepresibo hau elkarrizketarako edozein aukera guztiz ukatzea dela? PSOEk bloke monarkikoarekin dituen loturak hausteko egin dituen eskariak jada Pedro Sanchez eta bere kolaboratzaileek erantzun dituzte mespretxuz, erabat PPren menpe baitaude.

Unidos Podemoseko zuzendaritzak 180 gradu biratu behar du eta borroka honetatik ihes egiteko politikarekin amaitu. Betebehar bat du Catalunyako herriarekin, PPren eta bere autoritarismoaren aurka lehen lerroan dauden langile eta gazteak bertan behera ez uzteko. Azaldu behar dute gaur Llanera epaileak, 155 blokeak eta komunikabide espainolistek Kataluniako errepresioa justifikatzeko erabiltzen dituzten argumentu berberak erabiliko dituztela beste protesta sozialak ere altxamenduz salatzeko eta atxiloketak aurrera eramateko: pentsionisten mobilizazioak antolatzen dituztenak, M-8a bezalako grebak eta Lavapieseko bizilagunek arrazakeriaren eta biolentzia polizialaren aurka eginiko mobilizazioak, etab.

78ko erregimen frankistaren kolpea gelditu: Greba Orokorra lehenbailehen!

Ez da kasualitatea eraso basati hau gertatzea ERC eta Junts per Catalunyako buruak hilabeteak daramatzatenean kaleko mobilizazioa desegiten eta PP eta Estatuarekin elkar ulertze zubiak bilatzen. A-21ko hauteskundeetan 155 blokea garaitu ondoren, milioika pertsonek plan garbi eta sendo bat espero zuten errepublika mobilizazioaren bidez gauzatzeko. Horren ordez, JxCat eta ERCko politikari burges eta burges txikiak epaitegietan esaten zuten errepublikaren aldarrikapena erabat sinbolikoa izan zela, 155a akatatzen zutela eta Estatua gehiago ez probokatzeko eta “instituzioak berreskuratzeko” beharra planteatzen zuten.

Klase arteko borrokan, ahultasunak beti dei egiten dio erasoari. Burgesia katalana eta espainiarra oso kontziente dira Catalunyan gertatutakoa benetako krisi iraultzaile bat dela eta hori deusezten saiatu dira espetxeratze eta prozedura mordoarekin, 155a aplikatuz eta hauteskundeak deituz gehiengoa lortzeko. Baina herri katalanaren borondatea eta erabakia beren planak zapuzten ari dira. Orain, berriz errepresio gogorrenera jotzen dute independentismoko buruen aurka: mugimenduari beldurra sartu nahi diote eta gainontzeko Estatuko langile eta herritarrei mezu bat bidali. Baina urrunegi iritsi dira.

Martxoaren 25eko gauean, milaka eta milaka pertsona preso politikoen askatasunaren eta greba orokorraren alde entzun ostean, Parlamenteko presidenteak Roger Torrentek dei egiten zuen fronte bateratu bat osatzera demokraziaren defentsan eta kontaktuak iragarri zituen indar independentista guztiekin, ezker ez independentistarekin eta sindikatuekin erantzun bateratu eta irmoa planteatzeko.

Begi bistakoa da, hitzez haratago, Torrenten deialdiak, ERCko buruzagien deklarazioek bezala, helburu gisa egoera “egonkortuko” duen eta kaleko borrokarekin amaituko duen gobernu katalan bat osatzea duela. Horregatik hain zuzen ere, ezin gara politikoki subordinatu hilabeteetan zehar erabateko pasibotasuna erakutsi eta erregimeneko alderdiekin itunak berrezartzeko nahia agertu duten horien menpe, errepublika katalanaren aldeko borroka sakrifikatzearen kontura. Prozesuaren zuzendaritza Catalunyako askapen nazionaleko mugimenduaren benetako motorra izan denak hartzeko ordua da, borrokan dauden masek alegia, gazteriak eta langile mugimenduko sektore aurreratuenek.

Bai, fronte bateratu bat altxatu behar da CDRtatik, CUPetik, ANC, Omnium eta Catalunya en Comúko oinarri militantetik, klaseko sindikalismo borrokalaritik, borrokatzen duen ezkerretik eta mugimendu sozialetatik, lehenbailehen deitzeko 24 orduko greba orokorra, mobilizazio masiboekin batera. Greba orokor horrek, egun PPren gobernuaren aurka borrokan dauden sektore guztiak elkartu behar ditu, marea feminista eta pentsionistetatik hasi eta ikasleak arte. Preso politikoen askapena eskatu behar da, prozesu judizialak eta 155a indargabetzea, eta Rajoyren gobernuaren dimisioa. CCOO, UGT eta Unidos Podemosi interpelatu behar die greba orokorrak, Estatuko lurralde guztietan modu argian babestu dezaten, elkartasun mobilizazioak antolatuz herri katalanaren alde eta gorakada autoritarioaren aurka.

Noski, greba orokorra pauso erabakigarria izango da, baina gero borroka zabaldu eta jarraitu behar da, greba eta mobilizazio berriekin errepresioa garaitua izan arte, preso politikoak askatuak izan arte eta bere osotasunean eskubide demokratikoak berrezarri arte Catalunyan, errepublikaren aldeko U-1eko erabaki demokratikoa praktikara eramatea barne.

Ezker Iraultzailetik, uste dugu askapen nazionaleko mugimenduaren betebehar bat dela langile klase katalan indartsuaren osotasunaren babesa irabaztea, Catalunya kanpotik iritsitako langile erdaldunak barne. Horien gehiengo zabala PPren ustelkeriaren eta murrizketen aurka dago, eta milaka mobilizatu ziren urriaren 1 eta 3an errepresioaren aurka; baina mesfidati ikusten jarraitzen dute procesa PDeCATeko buruzagi burgesek jokatzen duten paperagatik eta Convergencia eta ERCek Governetik aplikatu zituzten herstura politikengatik, pribatizazioak, murrizketak, etab.

Langile sektore hauek errepublikaren kausara irabazi daitezke eta paper erabakigarria joka dezakete eskuinaren eta 155 blokearen aurkako mobilizazioan. Baina horretarako ikusi behar dute langileen, gazteen eta herriaren errepublika baten aldeko borroka dela, eta ez Catalunyako enpresarien eta oligarkiaren aldekoa. Errepublikaren aldeko borroka elkartzen bada milioikak egunero jasaten ditugun arazo konkretuei erantzuna emango dien programa batekin, modu erabakigarrian kapitalismoaren logikarekin apurtuko duena eta gure lan eskubideak eta eskubide sozialak bermatuko dituena, gazteriaren etorkizuna barne, orduan lortuko dugu demagogia espainolista geldiaraztea eta beldurraren kanpaina garaitzea. Hori da irabazteko bidea.

Denak greba orokorra prestatzera!

Informazio gehigarria